GARA > Idatzia > Kultura

Gasteizek jasoko du oraingoan «Mundua lo dagoen bitartean» Patxi Zubizarretaren ikuskizuna

Irratsaio bat abiapuntu hartuta, musika eta ahotsa uztartu ditu idazleak ikuskizunean. Principal Antzokian izango astelehenean, Iban Garate, Mikel Losada eta Felipe Barandiaran protagonista dituen lana.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ

Literatura eta gazteak uztartu nahirik, Patxi Zubizarretari erronka egin zion duela urtebete Euskara Elkarteen Federazioa Topaguneak. «Gazteentzat idaztea helduentzat egitea baino zailagoa zait», onartu zuen Ordiziako idazleak, hala eta guzti ere, gogotsu onartu zuen.

Bilbon, Galdakaon eta Elorrioko agertokietan izan da dagoeneko duela urtebete estreinatu zutenetik. Ordiziako idazlearen lana astelehenean antzeztuko dute azkenengoz. «Grabatzen ari ginela, egunen batean Gasteizen estreinatu beharko litzatekeela esaten zuen, eta azkenean lortu du!», adierazi zuen Iban Garate aktoreak.

«Maitasun poliedrikoa»

Euskararen Eguna izanik, ikuskizuna Gasteizera eraman ahal izateko, «Geu» aldizkaria eta elkartea bidelagun hartu ditu Zubizarretak, eta bere lana han erakusteak «pozez bete» zuela aitortu zuen.

Gaueko irratsaioa hartu du Zubizarretak irudiak, zuzeneko musika eta ahotsa uztartzeko abiapuntu. Hitzei buruz, honako hausnarketa bota zuen: «Bizitzan bi motako hitzak daude: egunekoak eta gauekoak. Eguneko hitzek gure pentsamenduarekin dute zerikusia, gure arrazoiarekin, gure erabakiekin. Gaueko hitzak, berriz, gure sentimenduetatik sortzen dira, gure irrika eta desioetatik, eta askoz ere libreagoak dira, benetakoagoak».

«Mundua lo dagoen bitartean» lanak maitasunaren «egitura poliedrikoa» aurkezten duela azaldu zuen. «Gazteak matxakatu egiten ditugu maitasuna nola adierazi behar duten behin eta berriz azalduz -aipatu zuen Ordiziako idazleak-. Antzezlan honetan David Trueba, Jose Montero, Suso de Toro edota Ramon Saizarbitoriaren idazkiak izango dituzte maitasuna ulertzeko modu ezberdinen adibide».

Patxi Zubizarretaren gidoi eta zuzendaritza lana jarraitzen Iban Garate, Mikel Losada, Maria Uriarte eta Felipe Barandiaran aktoreak aritu dira. Nerea Garmendiak eta Agurne Anasagastik parte hartze berezia izan dute egitasmoan; eta Ane Muñoz zine zuzendariak irudiak koordinatu ditu. Zuzeneko musika, berriz, Joserra Senperenaren pianoak jarriko du.

Principal Antzokira gerturatzen denak «belarrira xuxurlatzen dioten sentsatzioa» gozatzeko aukera izango du. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira antzokiko leihatilan eta dohainik.

UZTARTUZ

Irudiak Ane Muñozek grabatu ditu, ahotsa Iban Garatek, Mikel Losadak eta Felipe Barandiaranek jarriko dute, eta zuzeneko musika Joserra Senperenaren pianoak ekarriko du.

Fitxa

Tokia: Principal Antzokia (Gasteiz)

Data: Astelehena,

abenduaren 3.

Parte hartzaileak: I. Garate, M. Losada, M. Uriarte, Felipe Barandiaran, N. Garmendia, A. Anasagasti, A. Muñoz,

Sarrera: Doan (egunean leihatilan jaso ahalko dira).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo