Bea Martxueta LABeko Politika Sozialeko idazkaria
Zaharrak berri
Alternatiba orokor eta sakon bat eraiki beharra dugu; lana eta aberastasunaren banaketan oinarritzen den, prestazio sozialak bermatuko dituen eta zerbitzu publiko eta unibertsala ziurtatuko duen ereduaren alde
Hemen da. CEOE-Ce-pyme, CCOO, UGT eta Espainiako Gobernuak sinaturiko Gizarte Segurantzaren erreforma urtarrilaren 1etik aurrera Hego Euskal Herriko langileriari inposatuko zaio. Adostutako neurriak, salbuespenak salbuespen, atzerakoiak eta antisindikaltzat har ditzakegu. Batzuk aipatzearren, erretiro pentsioa lortzeko kotizatu beharreko gutxieneko kopurua handitu da, erretiro partzialerako baldintzak gogortu dituzte, lan bizitza luzatzeko pizgarriak ezarri dituzte... Lege berriak, 1995. urtean adostutako Toledoko Itunaren gomendioen ildotik langileak berriro ere zigortzen ditu, eta gero eta urte gehiagoz kotizatzera behartzen ditu. Urteetan irabazitako eskubide laboral eta sozialak berriro ere salduta, suntsituta, zapalduta. Gainera, bi sindikatu horien laguntzarekin; lotsagarria.
Erreforma hauen arduradunak, honelako neurri neoliberalak hartzen dituztenean, argudio faltsu batean oinarritzen dira: pentsio-sistema ez dela bideragarria bizi-itxaropenaren batez bestekoaren egoera dela-eta; horregatik, pentsioak murriztera jo behar dute. Eta, bitartean, enpresariak saritu egiten dituzte; alegia, bonifikazio itzelekin eta kotizazio murrizteekin saritzen dituzte; ez da iruzur enpresarialen aurkako inolako neurririk hartzen eta ez da aintzat hartzen kotiziazioak murriztea eragiten duen, eta egindako lanari egokitzen ez zaion soldata urrien egoera.
Baina honek ez du justifikatzen sistemaren iraunaraztea kolokan jartzea, ez eta lehen aipatu tako neurriak onartzea. Lehentasuna, aberastasuna banatzea xede duen sistema berria izan behar da, gastu publikoaren bestelako banaketa suspertuko duena, errentaren birbanaketa progresiboari zuzendua eta -arrazoi ezberdinak direla medio- dauden ezberdintasun sozialak orekatuko dituena. Eta, norabide berean, funtsezkoa da beharrizan sozialak babesteko aurrekontu-partidak handitzea; ezin baitugu ahaztu (adibide gisa) Europan erretiro-pentsioei eskaintzen zaien gastua aberastasunaren (BPG) %11,1ekoa dela, espainiar Estatuan %7,9koa den bitartean, hots, 3 puntu Europako batez bestekoaren azpitik.
Egun inposatzen diren gizarte eta lanerako politikak, patronala eta botere ekonomikoen neurrira egingo ez balira, langileon eskubideak ez leudeke salgai. Politikak langileen mesederako balira, kalitatezko enplegua sustatzeko neurriak adostuko lirateke, gizon zein emakumeek lan berdinagatik soldata bera jasoko lukete, etorkinen eta urritasunak dituzten pertsonen esplotazioarekin bukatuko litzateke....
Arestian aipaturiko neurriak adostuko balira, guztiok irabaziko genuke; lan baldintzak eta soldata duinak izatean, kotizazio epe eta kopuruak hobetzen baitira, nola ez. Tamalez, adostutako lege hau, berria izanik ere, bertan jasotzen diren neurri desberdinen ildoa, zaharra dugu. Erreforma, Europa osoan ezarritako politika neoliberalen isla besterik ez da. Adibide gisa, Estatu frantziarrean Sarkozyk ezarritako neurri antisozialak. Kapitalismoaren ofentsibak ez dauka etenaldirik eta Europako eredu sozialaren, ongizate estatuaren suntsiketa abian da. Eta suntsiketa honek, zeinak, oinarrizko eskubideen galera duen helburu, gero eta prekarioago bihurtzen du jendartea; alegia, etxebizitzaren problematikak -espekulazio dinamiken bidez, oinarrizko eskubide bat, etxebizitza kasu, luxu bihurtzeak-, zerbitzu publikoen pribatizazioak, prestazioen murrizketak, lanaren prekarizazioak... sekulako pobrezia eragiten dute. Prekarizaziorako joerek herri sektore zabalen eskubideak eta bizi maila kinka larrian jartzen dituzte.
Beraz, erreforma berri honen gisa, oinarrizko eskubideen suntsiketan oinarritzen diren politika neoliberalei, tolerantzia zero eskaini behar diegu. Aldaketa soziala inoiz baino beharrezkoagoa den honetan, LAB sindikatuak bestelako eredu baten aldeko apustua egin du. Alternatiba orokor eta sakon bat eraiki beharra dugu; lana eta aberastasunaren banaketan oinarritzen den eredu baten alde; prestazio sozialak bermatuko dituen eredu baten alde; zerbitzu publiko eta unibertsala ziurtatuko duen ereduaren alde. Eta honetarako, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua behar dugu.