Xabier Izaga Irakaslea
Etxean egotea zilegi da
Gaur lasaiago nago. Abiadura Handiko Trenaren kontrako jarrera zilegi da. Zalantza handiak nituen agintarien adierazpen urriak entzunda. Izan ere, administrazioek azpiegitura erraldoi horren gainean emandako azalpen bakarrak AHTren kontra agertzen direnei buruz sekulakoak esateko eman dituzte eta, egia esateko, argudioren bat ez legoke sobera. Azpiegitura hori ona omen da. Denok nahi omen ditugu azpiegitura gehiago eta hobeak. Bai eta ez. Behar diren guztiak, eta ahal den bezain onak. Baina ez dute esan -gezurrik gabe- zergatik den ona, norentzat den ona eta ontasun hori zenbat kostatuko zaigun, ez baitu ez Gasteizko Gobernuak, ez Iruñekoak, ez Madrilgoak ordainduko, guk baizik; zenbat diru kostatuko zaigun eta zenbaterainoko kaltea ekarriko dion ingurumenari eta nekazaritzari. Nolanahi ere, lasaiago nago AHTren aurkako jarrera zilegi delako, Kepa Aulestia ETAko militante ohiak hala idatzi baitzuen atzo. Ez nago hain lasai, ordea, Euskadiko Ezkerrako buruzagi ohiak jarraian idatzi zuena dela-eta. Azpiegitura horrekin zerikusia duten enpresen aurreko elkarretaratzeetara doanak «AHTren kontrako sabotaje moduak hedatzen dituztenekin bat egiteko erantzukizun morala bere gain hartzen» omen du-eta. Administrazioen bide berari jarraituz, apezpiku espainolen buruzagi dirudien hori ez zen azalpenetan luzatu.
Zilegi da, beraz, AHTren aurka agertzea, baina besterik ez; edo bai, tren hori nahitaez onartuta. Elorrioko Udalak ez zuen erabaki bere herritarren iritzia jakin gabe proiektu garrantzisu eta polemiko bat egitea; aitzitik, herritarrei udalerria bete-betean ukituko duen proiektu baten gaineko iritzia galdetzea erabaki zuen. Iritzia galdetzea, eta ez Irak bonbardatzea, demokratok, gentes de bien. Baina legeak, eta are gutxiago gobernadoreak eta epaileak, ez daude txepelkeria demokratikoetarako. Demokraziaren festa handia lau urtean behin egiten da, eta kito. Herritarren ongizatea, azpiegiturei, hezkuntzari, gizarte gaiei eta, batez ere, dirua kudeatzeari dagokionez, politikarien kontua da... tira, eta enpresaburuena. Politikariena, baldin eta herritarrei galdetzea bururatzen ez bazaie.