Colemanek jarraitzekotan, «oraingo ideiak dituen kontseilu bat» izan behar da
Galestarraren iritziz, harrobia omen da Realaren «arrakasten ardatz nagusia»
Arnaitz GORRITI | DONOSTIA
Iñaki Badiolaren hitzak entzunda, ikusmina itzela zegoen Donostia aldean Chris Colemanek horri buruz zer izango ote zuen esateko; baita ere, entrenatzaile galestarrak urtarrilaren hirutik aurrera Realean jarraituko duenenetz, zer ote zuen argitzeko.
Bada, esan zuen, esan, zerbait Colemanek. Realean jarraitzekotan, «egungo kontseiluak daukan ideia berbera defendatzen duen kontseilua» baldin bada jarraituko luke. Ondorioz, «zaila» iritzi zion Realeko egungo entrenatzaileak urtarriletik aurrera Donostian jarraitzeari.
Colemanen ideia harrobia sendotzean datza, bere hitzen arabera, «aukera eta denbora» ematea, alegia, fitxaketak egin ordez. Hala, harrobia «Realak erdietsi arrakasten ardatz nagusia» dela baieztatu zuen.
«Ez dakit zeintzuk etor litezkeen. Ez dut ezagutzen ez beren proiekturik, ez ideiarik. Nik uste dut hemen jarraitzeko orain arteko ideia berberak izan beharko lituzketela».
«Nik datozen horiekin hitz egingo dut eta zer uste dudan azalduko diet. Zera esango diet: `denbora eman diezaiegun orain hemen daudenei; datorren urterako askoz talde hobea izango baitugu jokalari hauekin. Hala erakutsi dit eskarmentuak'. Horixe da nire ideia. Realak erdietsi arrakasten ardatz nagusia horixe izan da beti: harrobia. Hori aldatzea nahi izan denean iritsi dira arazoak. Hargatik, urtarrilean kolpetik hiruzpalau fitxaketa egiteari oso arriskutsua deritzot», adierazi zuen.
Euforia alde batera utzi
Bestetik, Malagaren aurka lana itxuraz bete ostean, bere taldea hurrengo neurketen garrantziaz «ondo baino hobeto ohartzen» dela esan zuen. Horretaz gain, «euforia alde batera utzi behar» dela azpimarratu nahi izan zuen galestarrak.
«Sevilla Atleticoren aurkako norgehiagoka Malagaren kontrakoaren antzekoa izango da. Hura ona izan zen, baina euforia alde batera utzi behar dugu. Futbolariek badakite hori, eta horregatik motibazio berberaz arituko dira, hiru puntuok daukaten garrantzia zenbaterainokoa den ongi baitakite».
Urtarriletik aurrera sortuko den kontseiluak zer «ideia» duen jakin nahi luke Colemanek, Realean jarraitu ala ez erabakitzeko. Galestarrak ez luke jarraitzeko arazorik izango «oraingo ideia berbera»ri eusten badiote.
Sevilla Atleticoren aurka jokatzeko 19 lagun sartu ditu Chris Colemanek deialdian. Berrikuntza Victor Lopez eta Gaizka Garitanoren itzulera da, partida bateko zigorra bete ostean. Gorka Larrea, aldiz, deialditik kanpo geratu da.