Itxaropen «Argiak» piztu berri ditu Ken Zazpi taldeak
Zuzeneko lana argitaratu eta itzalean gorde zen Ken Zazpi taldea, buru-belarri lan berriaren prestaketan. Gor disketxea atzean utzita, bide berri bati ekin dio eta Oihukarekin plazaratu berri du «Argiak». Zuzeneko aurkezpenei ekingo dio, abenduaren 8an, Durangon hasita.
Anartz BILBAO | BILBO
Gernikarrek atzo aurkeztu zuten laugarren lana. Lehenengo bi lanak eta zuzenekoa Gor diskoetxe nafarrarekin plazaratu ostean, seikoteak «Argiak» diskoaz Oihukarekin bide berri bati ekin dio.
Diskoetxearen izenean mintzatu zen Angel Valdes eta nabarmendu zuenez, taldea hurbilekoa da euskal gazteriarentzat, gizarteko zein pertsonako kezkak agertzen dituzten neurrian. Melodia erakargarriak lantzen dituen talde sendotzat du Ken Zazpi, langile porrokatuak direlako. Diskoari dagokionez, soinu, ekoizpen eta kanten arteko koherentzia aipatu zuen, disko iraunkorra iragartzeko eta nazioarteko taldeen parean agertzeko modukoa zela harro esateko.
Arriskuak hartzeko prest
Ondoren, taldekideek hartu zuten hitza mukuru betetako areto hartan. 2006ko abuztuan, bira akustikoa bukatu ostean ekin omen zion taldeak lan berria prestatzeari. Hogeita hamar bat ideietatik hogeita bost inguru gauzatu zituzten eta, diskoan biltzeko, azkenean, horietako hamabi aukeratu behar izan dituzte .
Lan egiteko orduan, zuzenean aritu izanak emandako eskarmentua nabarmendu zuten, baita akustikoa burutzeko egindako moldaketetan ikasitakoa ere.
Horretaz baliatu dira «Argiak» Rafa Sardinas ekoizle ospetsuarekin plazaratzeko. Rafaren belarriek «objektibitate hotsa» gaineratu diote taldeari; gainera, Los Angelesen lan egiteko aukera «zoragarria» eta estudioko lana dexente luzatzekoa ere bai.
Eñaut kantariak azaldu zuenez, «Argiak» indarra, ilusioa eta ametsak irudikatu ditu eta itxaropena du ardatz, bizi ditugun aro ilun eta lainotsu hauetan.
Hitzei dagokionean, Joseba Sarrionandiak emandako laguntza goraipatu nahi izan zuten taldekideek. Bi kantu idatzi ditu Josebak. Lan bukaerako «Gaueko argiak» bata, eta «Gernikan» bestea. Azken horrek orain hirurogeita hamar urte taldekideen herrian gertatu bonbardaketa garratza du gogoan.
Euskal Herritik at ere lan egiteko irrika du taldeak eta katalaneraz, esaterako, bi kantu itzuli eta prestatu dituzte, zuzenean jotzeko.
Eñaut Elorrieta, Igor Artzanegi, Jon Fresko, Iñaki Zabaleta, Beñat Serna eta Jon Mikel Arronategi taldekideek bizitzan argi dituztenei eskaini diete lana.
Zuzenerako prest da orain taldea. Durangoko azokaren kariaz emango dute aurrenekoa, Plateruenan, abenduaren 8an. Maiatzean, aretoak utzi eta plazara aterako dira.