GARA > Idatzia > Kultura

Stefan Zweig-en, Bill S. Ballinger-en eta Raymond Queneau-ren liburu bana euskaratu berri ditu Igelak

«Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan», «Ilegorriaren emaztea» eta «Estilo-ariketak». Nobelak dira lehenengo biak, eta jolas-literatura bestea, hizkuntzaren eta hizketaren aukerekin jostaketan baitabil autorea.

p052_f01_148x084.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Rivierako ostatu txiki batean dago «Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan» liburuko kontalaria: Emakume ezkondu batek gazte batekin egin du ihes gau batean senarra abandonatuta, eta ostatuko mahaian eztabaida sortu da. Bi orduz ezagututa horrela alde egitea ezinezkoa dela, eta lehendik zuen maitale bat izan behar duela diote batzuek. Kontalariak ezetz, hori ez dela nahitaezkoa.

Horixe du abiapuntua Stefan Zweig-en nobelak, Edorta Mataukok euskarara ekarria. Merkatari familia judu aberats bateko seme, Zweig (1881-1942) Filosofiako doktore izan zen, eta garai hartako zientzialari, intelektual eta artisten adiskide: Einstein, Gorki, Rodin, Toscanini, Freud. Idazlea 20 bat urterekin hasi zen liburuak argitaratzen, eta poesia, teatroa, biogra- fia eta saiakera landu zituen. Narrazioaren arloan, baina, hiru nobela labur ditu lanik ezagunenak: «Xake-nobela», «Emakume ezezagun baten gutuna» eta orain Igelak plazaratu duena.

Arrakastaren gakoa nobelaren erritmoa omen du; kontakizun soila eta erritmo bizikoa da berea. Lan esanguratsuenak, finean, tragedia modernoak dira eta azterketa psikologikoa lantzen dute; biak ere irakurleen gustukoak omen.

Igela argitaletxeak aurkeztu lanetako bigarrena, Bill S. Ballinger (1912-1980) autorearen «Ilegorriaren emaztea» da, nobela beltza. Itzulpena Xabier Olarrarena da. Azken honek aurkezpenean aipatu zuenez, bikote iheslari baten historioa dakar liburuak, eta nobela beltzean tentsioa eta suspenseari eusten autorea maisuetako bat dela ere esan zuen.

Nobelaren ezaugarrien artean narrazio tartekatua eta txirikordatua nabarmen daitezke. Alegia, bi maila ditu kontakizunak. Alde batetik, kapitulu bakoitietan, Mercy eta Hughren nondik norakoen berri kontatzen da hirugarren pertsonan. Kapitulu bikoitietan, aldiz, lehen pertsonan, poliziaren ikerketa ematen du, ikertzaileak iheslariei buruz aurkitzen duena. Teknikan eta joeran, 1950ean autoreak kaleratutako «Kez egindako erretratua»ren antzekoa da oso «Ilegorriaren emaztea» (1957). Biak ere maisulan bere mailan.

Bestalde, eta Olarrak itzulia hau ere, Raymond Queneau (Le Havre 1903-Paris 1976) autorearen «Estilo-ariketak» lanaren argitalpen berria prestatu du Igelak. Lehengo edizioa, elebiduna, agortua zela-eta, orain elebakarra (euskaraz), oharduna eta CDduna da plazaratu dutena. Irakaskuntzara zuzendua ez dagoen arren, liburua baliagarri izan da maiz esparru horretan; oharretan azalpenak ematen dituzte, adibidez, proposatutako ariketa bakoitza zertan datzan argitze aldera, edota itzulpenari buruzko zehaztasunak eskainiz.

«Errematea» eman nahian

Liburuko ariketak berehala bihurtu ziren antzeztokirako esketx, 1949an hasita, iaz ere taulara sarritan eramanak. Euskal hiriburuetara ere iritsi ziren gainera. 2006ko urtarrilean aurkezpena eta irakurketa egin zirenetik, Mireia Gabilondo, Ramon Agirre, Carlos Zabala, Eneko Olasagasti, Patxo Telleria eta Olatz Beobidek parte hartu izan dute emanaldietan. Xabier Olarrak aipatutakoaren arabera, orain CDa kaleratzeko arrazoia hau da: «Orain arte egindako lanari errematea emateko modurik egokiena da». Zuzeneko emanaldien grabazioa du CDak, JM Sestorain eta batik bat Mikel Elizaga musikariaren laguntzaz atondutakoa.

Liburua etxean dutenek obra osatu nahi izanez gero, CDa soilik eskuratzeko aukera dute.

Fitxa

Izenburua: «Hogeita lau ordu

emakume baten bizitzan». Egilea: Stefan Zweig. Itzulpena:

Edorta Matauko. Salneurria:

10 euro.

Izenburua: «Ilegorriaren emaztea».

Egilea: Bill S. Ballinger. Itzulpena: Xabier Olarra. Salneurria:

10 euro.

Izenburua: «Estilo-ariketak». Egilea: Raymond Queneau. Itzulpena:

Xabier Olarra. Salneurria:

12 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo