EAEko aurrekontuak, elkarri kontuak trabatu gabe
Atzo Lakuako Gobernuak eta PSEk izenpetu zuten aurrekontu itunak ez du berritasun handirik eskaini aurrekontuen edukiari begiratuta. Aurreko urtekoen antzekoak dira, bereziki gizarte-arloari dagozkion gabezietan. Beraz, ezin esan PSEren sinadurak inolako baldintza eztabaidagarrik ekarri duenik, alderdi horren esku hartzea ehuneko hutsal batek islatzen baitu milaka milioiko aurrekontu batean eta, seguru asko, gobernatzen dituen udaletan baino ez da nabarituko itun hori. Horrek, EAJk Madrilgo aurrekontuei eta berrikiago Sustapen ministro espainolari sostengua eman izanak bezala, esan nahi du parte bakoitzak bere gobernuaren aurrekontuak ateratzea duela helburu. Batak besteari bere kontuak aurrera ateratzen uztea, hain zuzen. Beraz, aurrekontu itunaren aurkezpenean eta haren ondorengo adierazpenetan alde bakoitzak erabilitako erretorika gorabehera, itunerako borondate hori nork bere administrazioko dirua kudeatzen uzteraino iristen da. Hala ere, atzoko izenpetzeak, Gasteizko Gobernuak aukera gehiago izanda, ituna PSErekin egin izanak, alegia, joera bat ere adierazten du: norekiko lehentasuna duen hitzarmenetarako. Besterik da norabide horretako hitzarmen batek herri honen arazo nagusiei modu demokratikoan heltzeko balioko lukeen edo Lakuak iragarritako asmoei beraiei bide emango liekeen.