Euskarak etorkizuna izateko, hizkuntza politika «errotik» aldatu behar dela dio EHEk
Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek gaur egun indarrean dauden hizkuntza politikak errotik aldatu beharra aldarrikatu zuten atzo, ez diotelako euskarak eta Euskal Herriak behar dutenari erantzuten.
Manex ALTUNA |
Gasteizko Parlamentuan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat Euskararen Legea onartu zenetik 25 urte bete dira orain dela gutxi, eta laster Nafarroako Gobernuak Euskararen Foru Legea onartu zueneko 21. urteurrena izango da. Duela hiru urte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Euskararen Erakunde Publikoa sortu zen, baina Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek atzo salatu zutenez, «administrazio ezberdinetatik gaur egun indarrean dauden hizkuntza politikek ez diote euskarak eta Euskal Herriak behar duten aldaketari erantzuten».
EHEko eledun Unai Larreategik eta Eulate Zilonizaurrekoetxeak gaineratu zuten «zapalketa estrukturala» dela eta, beraz, «errotik aldatu behar» dela. «Euskarak ez du etorkizunik azken urte hauetan aurrera eraman diren politika suntsitzaile eta baztertzaileekin».
Euskararen alde lanean ari den herri ekimenarentzat beharrezkoa da gaur egungo «legedi eta hizkuntza politikak bertan behera uztea». Horren aurrean, Euskal Herriak «bere osotasunean aldaketa suposatuko duen legedi berria behar du, eta euskarak status berria».
«Lehentasunezko hizkuntza»
EHEko kideek adierazi zuten euskararen etorkizuna bermatzeko aldaketa handiak egite- ko premia dagoela. Ildo horre-tatik, euskara «berezko hiz- kuntza izendatu» beharra da-goela, eta Euskal Herri osoan «ofiziala» izan behar dela aldarrikatu zuten.
«Euskararen egoera ikusirik lehentasunezko hizkuntza» izan behar duela ere nabarmendu zuten: «Euskal herritar guztiek ezagutu behar dute, eta hau hala izan dadin, beharrezko neurriak hartu behar dira».
Urrats hauek bete ondoren herritar guztien hizkuntza eskubideak Euskal Herri osoan «aitortuak» izan behar direla esan zuten. Larreategik eta Zilonizaurrekoetxeak agertu zutenez, aipaturiko neurriak «ezinbestean onartu eta aplikatu ezean, euskara galbidean dagoen errealitatea bete egingo da, eta heriotza zigorraren pronostikoa bete».
Horregatik, EHEko ordezkariek herritarrei deia egin zieten, «guztion indarrez, Euskal Herri euskalduna eraikiko dugulako». Zentzu horretan, abenduaren 3a Euskararen Eguna dela-eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde ezberdinek Artiumen antolaturiko ekitaldian «Iruzurrik ez» lelopean elkarretaratzea egingo dutela azaldu zuten.