Inposaketen aurrean euskal unibertsitarioek hitza hartzeko unea dela adierazi du EHBEk
M. A. |
Euskal Herriak Bere Eskolako kideek agerraldia egin zuten atzo Leioako campusean, eta «egungo unibertsitateetan inposaketa eta eskubideen urraketa» pairatzen dutela salatu zuten.
Bologna prozesuaren aplikazioa jarri zuten adibide gisa. «Unibertsitateko agintariek buru belarri sartu gaituzte, unibertsitate komunitatearen hitzari muzin eginez. Inolako eztabaidarik gabe aplikatzen ari dira, inori galdetu gabe, inoren iritzia kontuan hartu gabe», salatu zuten. Ildo horretatik, hezkuntza eskubideen urraketaren adibide gisa, UPV-EHUko III. Euskara Plan Gidaria ere kritikatu zuten: «Euskaltzaletasunaren maskara azpian, unibertsitatea euskaldunduko ez duen sasi plan deskafeinatu bat aurkeztu digute».
Eredu propioa
«Inposaketa, iruzur eta eskubideen urraketen aurrean, eredu unibertsitario propioaren aldeko aldarrikapen herritarra artikulatzeko unea» iritsi dela esan zuten EHBE-ko kideek. Hala, unibertsitarioak hitza hartzeko prest daudela esan zuten. «Eta entzun egingo gaituzte».