GARA > Idatzia > Herri-kirolak

harri-jasotzea | Errekor saiakera

Goenatxok 213ko beruna jaso nahi du bere herrian

Kirolari azkoitiarra gaur eguerdian arituko da lanean herriko plazan 12.30etatik aurrera, eta sei minutuko txanda izango du helburua bete ahal izateko

p046_f01_97x91.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Juanjoxe Unanue Goenatxo II.ak beste erronka bat izango du gaur bere herrian, Azkoitian, 213 kiloko beruna bizkarrean berdintzeko asmoa baitu. Azkoitiarrak zerbait egin nahi izango du bere herriko egun handian, gaur San Andres eguna baita, eta Azkoitian handikiro ospatzen da. Ekinaldia herriko plazan izango da 12.30etatik aurrera, eta sei minutu izango ditu lanerako.

Beruna harria baino zailagoa izaten da, tamainaz askoz ere txikiagoa delako; ia inor ez da aritu izan beruna jasotzen, baina Goenatxok Bidanian egin zuen markak indarra eman zion, eta ez da gutxiagorako, 2.000 ikusle gerturatu baitziren bera ikusteko asmoz, eta harri-jasotzaile beteranoak ez zuen hutsik egin, 200 kiloko berun kubikoa bi aldiz berdindu baitzuen bizkarraren gainean.

«Marka hura egin aurretik ez nuen berunarekin aritzeko aparteko asmorik, baina Bidaniatik egin zidaten eskaintza, eta erronka hura onartu egin nuen, eta gauzak ongi atera zitzaizkidan. Gero, hark aurrera jarraitzeko indarra eman zidan, eta 213 kiloko beruna oparitu zidaten. Honekin ere zerbait egin beharko nuela pentsatu nuen; aukera hau agertu da, eta saiatuko naiz», esan zuen kirolari azkoitiarrak.

Helburua, jasotzea

Goenatxok, 200ekoa bi aldiz jaso zuen, eta saiatuko da gaur ere gauza bera egiten. «Etxean gauzak ongi joan dira, eta marka egingo dudan itxaropen osoa daukat. Bi jasotzea gustatuko litzaidake, baina justu samar ikusten badut neure burua, bat jaso eta marka jartzera joango naiz», adierazi zuen azkoitiarrak. Izan ere, berun hau ez baitu orain arte beste inork jaso. Bizkarreratutako handiena 200 kilokoa da, eta marka hori ere berea da.

Goenatxo adinean aurrera doa, eta lehiaketa ofizialak utzita baldin badago ere, gaur egun dagoen harri-jasotzailerik handienetakoa da, eta hori zaleek badakite. Beraz, gaur eguerdian ere Azkoitiko plaza gainezka izango da. Lekurik gehienetan ez da jaieguna izango, eta bertara joan nahiko lukeen bat baino gehiago geratuko da joan ezinik, baina gaur gauzak ongi irteten baldin badira, eta azkoitiarraren sasoia ikusita, ez litzateke harritzekoa izango berriro ere beste marka saiakeraren bat egiten ikustea. Lehenengo, ordea, gaur dauka erronka eta ez da erraza, beruna harria baino askoz ere beherago geratzen baita, eta zailtasunak hortxe hasten dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo