SOKATIRA
Amaiurren abiatuko da 290 kiloko lehiaketa
J.L.| DONOSTIA
Euskal Herriko Launako Txapelketako lehen jardunaldia jokatuko da 290 kilotan bihar Amaiurren, 17.00etan hasita. Nafarroako herri horretako pilotalekuan jokatuko da.
Honako talde hauek hartuko dute parte: Abadiño A, Abadiño B, Sokarri, Gaztedi, Amaiur A, Amaiur B, Badaiotz eta 6 Conceyos. Lehen jardunaldia da, baina denak nahiko dute itxura ona eman, eta garbi dago, Abadiñoko taldeak direla garaipena eskuratzeko faboritoak. Pisu astunean, garaipena lortu dute, eta baita hirugarren eta laugarren postuak ere. Pisu honetan, estreinako biak lortzeko asmoz dabiltza.
Amaiur da bi talde aurkezten dituen bestea. Nafarroako Txapelketan nagusi izan dira, eta saiatuko dira bizkaitarrak estu hartzen, baina ez dute lan samurra izango, Abadiñok orain arte argi eta garbi utzi baitu besteen gainetik dagoela. Lehian arituko diren talderik gehienak bizkaitarrak dira, eta Gipuzkoak pisu honetan ez du ordezkaririk aurkeztuko.