GARA > Idatzia > Herri-kirolak

gizon-proba

Urretxuko eta Zumarragako taldeek apustua jokatuko dute

J.L. | DONOSTIA

Sekulako giroa dago Urretxun eta Zumarragan, etzi eguerdian jokatuko den apustuaren atarian. Zumarragako talde batek, Urretxuakoaren aurka neurtuko ditu indarrak gizon-proban, Zumarragako plazan.

Talde bakoitza hamabi lagunez osatuta egongo da, eta 1.000 kilotan sartuta joan beharko dute. Hori gainditzen badute, kirolariren bat aldatu, edo bat gutxiagorekin aritu beharko dira. Harria, berriz, 1.700 kilokoa izango da, eta talde bakoitzak 1.300 euro jokatzen ditu dirutan. Saioa, Zumarragako plazan izango da, 12.00etan hasita

Honelako apustuak sekulako jendetza batu ohi dute, eta oraingoan ere horrela izango da, bi herrietan sekulako giroa sortu baita. Gainera, apustu honek jarraipena izango duen zalantzarik ez dago, inguruko herrietan ere grina piztu baitu, eta Ezkioko taldeak jadanik desafioa bota die. Haiek, apustu hau irabazten duenaren aurka jokatzeko prest baitaude.

Toribio Kerejeta da apustu honetako sua piztu duenetako bat, bera, gainera, Zumarragako taldeko laguntzailea izango da. «Orain dela 30 urte koadrilen arteko gizon-proba jokatu zen festetan, eta oker ez banago zazpi bat talde izan ziren orduan. Hemengo gazte batzuei esan nien ea prest ote ziren parte hartzeko, eta denak prest agertu ziren. Urretxukoei desafioa bota genien, haiek onartu egin zuten, eta orain jokatu egin beharko dugu», adierazi zuen.

Bi taldeetan 25 urte ingurutik 35 urte ingurura bitarteko gazteak daude. Denak ere kirolariak omen dira, nahiz eta gizon-proba berria izango den denentzat.

«Gogoz ari gara prestatzen, eta uste dut Urretxukoak ere horrela ari direla. Astean bitan edo hirutan entrenatzen gara harriarekin, baina gainerako egunetan ere mutilak jo ta su ari dira, korrika ibiliz, mendira joanez, denak gogo eta ilusio handiarekin daude», esan zuen Toribiok.

Hori bai, inguruko apustuek Urretxuren aldeko joera hartu omen dutela onartu zuen Toribiok: «Hemen Urretxuren alde bezala agertzen da jendea, beraiek gehiago diren ustea dute, baina guk garbi daukagu irabazten duenak ere lan handia egin beharko duela, eta izerdia bota beharko duela», esan zuen.

Etzi apustu hau zuzenean ikusi nahi duenak, 10 euro ordaindu beharko du, baina desafio honen aurretik, idien arteko beste dema bat ere izango da. Mujikaren uztarri bakarra, hiru itzainekin, Retegiren bikoaren aurka neurtuko baita. Honek bi itzain eramango ditu. Idi-probak azkenaldian zalantzan dabiltza, mingain urdina dela medio, baina badirudi desafio honetarako baimenak heltzeko moduan izango direla. eta jokatzeko moduan izango dela. Hala ere, zalantzarik gabe, eguneko izarra gizon proba izango da, eta plaza gainezka egongo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo