GARA > Idatzia > Kultura

Bagdaden bi aurpegi islatu ditu Igerabidek nobela berrian

Bi Bagdad aurkeztu ditu Juan Kruz Igerabidek gazteei zuzendutako eleberrian: egungo Bagdad etsigarria, eta Erdi Aro loriatsua, jakinduriaren hiria. Horretarako, bi istoriok etengabe egiten dute talka narrazioan, irakurlearen kontzientzia astindu nahirik edo.
p053_f02_148x092.jpg

I. AULESTIARTE | DONOSTIA

Bi istorio landu ditu Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) «Bagdadeko aurpegiak» eleberrian. Gaur egungo Bagdaden kokatua dago horietako lehenengoa, eta familia galdu duten anai-arreba batzuen ibilbidea kontatzen du. «Egoera gogorra da, eta gertakizunak ere gogorrak dira, pentsatzekoa denez», argitu du idazleak. Hain zuzen ere, gerra dela-eta, bakar-bakarrik geratu baitira munduan, sufrikarioz eta hondamendiz inguratuta, aurrera egiteko ahaleginean. Umezurztegi batean daude Jasmina eta Ali, eta han ezagutuko dituzte Ainhoa izeneko borondatezko lankide euskalduna, soldadu amerikar bat...

Bigarren kontakizuna, aldiz, Erdi Aroan dago kokatua, eta batez ere, Ali Jajjam pertsonaia sufiaren ingurukoa da; garai hartako Bagdad boteretsua munduaren erdigune zen garaia islatzen du. «Azken honen arazo nagusia etikoa da. Gauzak oso ondo egiten ditu, sufi erdi santu bat ere bada, eta hala ere, egiten dituen ekintzek berebiziko arazo etikoak sortzen dizkiote», azaldu du Igerabidek.

Alegia, gaurko errealitate gordin eta etsigarria erakusten du gazteei zuzendutako nobelak, eta, aldi berean, garai bateko Bagdad loriatsua, gordina orobat, baina era berean, aintzaz eta jakinduriaz betea; «munduko erreferentzia kulturala zen nolabait». Gainera, idazleak zera argitu du: «Pentsamendu aldetik ere sufi bat agertzea gaur egun Islamaz dugun irudiaren erabat kontrakoa da, sufi bat ezer baldin bada, pentsamendu irekitasuna da; bizitzarekiko duen jarrera bitalista izugarria da. Nolabait kontraste hori ere lantzen da nobelan».

Bi istorioak kontraste horretan uztartzen dira, beraz; eta bestetik, anai-arrebak lotuta daude nolabait beste pertsonaia Ali Jajjam berarekin ere.

Haur eta gazte literatura

Erein argitaletxeak txikienei zuzendutako. zazpi liburu berri ere plazaratu ditu «Haur eta gazte literatura» delako sailaren barruan.

Guraso eta pertsona helduagoek haurrei irakurtzeko moduko «Basotxo eta animalia handiak» eta «Basotxo eta dantzak» (Arantza Ibarrak idatzitakoak); Begońa Lasaren «Aitarekin arrantzan» eta Mikel Agirregomezkortaren «Tarzanik gabeko oihan batean» -autoreak aipatu zuenez, elefante bat eta sagu bat ditu protagonista, eta oihaneko legeari kontra egingo diote ipuinean-; Arrate Egańaren «Txita more txikia»; Fina Casalderreyren «Suzko zaldia» eta Antzoki Txikia sailaren baitan prestatutako «Oz-eko Aztia», Jasone Turumbayk idatzitakoa.

Guztiek ere irudi ugariz atondu dituzte istorioak, ohiko legez, txikienen gozagarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo