GARA > Idatzia > Kultura

Preso eta iheslarien ametsak eta gogoak, «Ataramiñe 07» alean

Ataramiñe Kultur Elkarteak euskal errepresaliatuen literatur koaderno berria aurkeztu zuen atzo. Prosa eta poesia, fikzioa zein entsegua bildu dira «Ataramiñe 07» alean. Victor Hugoren «Claude Gueux»ren euskarazko itzulpena, eta disko bat ere, eman dituzte argitara.

p047_f01_97x200.jpg

Karolina ALMAGIA | BILBO

«Ataramiñe 07» literatura koadernoak Alfonso Etxegarai erbesteratuaren «Entierro de un camarada» testua du hasieran eta Txabi Etxebarrieta hildako lehenengo etakidearen poema zenbait amaieran. Tartean, mota guztietako literatura dago: fikzioa eta errealitatea, poesia eta prosa. Baita ere irudiak, argazkiak zein ilustrazioak. «Denek lantzen dute espetxeko bizimodua, iheslarien bizimodua: beren ametsak, zer espero, eta zer pentsatzen duten», esan zuen atzo Olatz Caminosek Bilboko Kulturgunean egindako aurkezpenean. Caminosekin batera, Jon Etxeandia, Mitxel Sarasketa eta Anjel Zelaieta egon ziren.

«Ataramine 07»n parte hartzen duten egileen artean, Oier Goitia, Joseba Mirena Artola, German Urizar, Joseba Sarrionandia, Amaia Urizar, Iñaki Gonzalo, Joxe Karlos Azpeztegia, Oier Gonzalez, Urtzi Zubizarreta, Jokin Urain, Zorion Zamakola eta Fernando Alonso daude. Baita beste batzuk ere, ezizenez sinatu dutenak.

Gainera, Ataramiñek Victor Hugoren «Claude Gueux» argitara eman du. Zorion Zamakola Frantziako Chairvaux espetxean dagoen preso ermuarrak itzuli du euskarara. Victor Hugok 1834an idatzi zuen liburu hori eta Chairvaux espetxe horretan kokatu zuen istorioa. «Bere garaiko sistema polizial eta penalari egindako kritika da. Hugok azaltzen du pertsona adimentsu eta bihotz oneko batek nola bukatuko duen okerreko espetxe sistema ezarri zaionean» azaldu zuen Olatz Caminosek. «Bitxia da gaur egun, oraindik ere, egoera ez dela aldatu ikustea», gaineratu zuen.

Beste aldetik, eta aurreko urteetan bezala, Ataramiñek haurrentzako liburu bat argitaratu du. «Zimaren abenturak» da haren izenburua. Belen Gonzalez Peñalvak idatzitako ipuinez osatuta dago eta Kepa Etxeberriak egin ditu irudiak.

Zauria eta itxaropena

«Zauria, bihotza eta itxaropena» hitzak aipatu zituen atzoko aurkezpenean Mitxel Sarasketak Ataramiñe definitzeko. «Urtero esan ohi dugunez, ea datorren urterako aurkezpen hau egin beharrik ez dugun». Baina zauria gero eta sakonagoa da, eta Sarasketak gogorarazi zuen aste honetan 50 preso gehiago daudela . «Gu ere ziur asko gartzelara sartuko gaituzte; eta hori ez da metafora bat. Metaforez hitz egiten hastekotan, Euskal Herriaren metafora gartzela dela esango dugu. Horregatik, liburu hauek garrantzi handia daukate. Oroimenez eta ametsez beterik daude. Hauek irakurtzen ditugunean, mezu bat bidaltzen digute preso eta iheslariek: bizirik daudela».

«Ataramiñe... kantuz» CD berria ere kalean dago

Literatura liburuak ateratzeaz gain, Ataramiñe Kultur Elkarteak urrats berria eman du aurten, «Ataramiñe... kantuz» diskoa kaleratuz. Errepresaliatu politikoen poemetatik abiatuta sortutako kantuez osaturik dago CDa. Euskal musikagintzan aritzen den musikari zein kantari ezagun ugarik parte hartu du elkartasuna ikurtzat duen bilduma honetan.

Kantuak «Zato» eta «Animal» musikari nafarrek konposatuak dira. Musikari zein kantari euskaldun ugarik bere egin, eta diska honetarako bereziki grabatu dituzte. Bildutako kantuak hamaika dira, hainbat estilotan landuta. «Ataramiñek urteak daramatza errepresaliatuen sormen lanak, altxor txikiak bailiran, urrunera hedatzen direnak, lau haizetara zabaltzen. Hortik abiatu ginen. Doinuz jantzi nahi genituen. Ziega ilun eta hotzetan daudenen sentipen, bizipen eta ametsak musikaz eta irudiz edertu nahi izan ditugu», azaldu zuen aurkezpenean Mikel Mundiñano, «Zato»k. Helburua ere aipatu zuen: «Musikaren munduan dabilen ororen inplikazioa eta elkartasuna bilatzea. Lortu dugu: berrogei musikarik parte hartu dugu».

K.A.

VICTOR HUGO

«Claude Gueux» narrazioa Clairvaux espetxean kokatu zuen Víctor Hugok 1834an. Egun han bertan preso dagoen Zorion Zamakolak euskaratu egin du eleberri laburra eta Ataramiñek argitara eman du.

DISKOA

Aurten lehenengo aldiz, liburuez gain, CD bat ere argitaratu du Ataramiñek. Preso eta iheslarien poemekin sortutako kantuez osatu da eta Euskal Herriko hainbat musikarik eta kantarik parte hartu du proiektuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo