«Afektuarekin gatazkan» bizi direnak islatu nahi izan ditu Rodriguezek «Haragia»n
Eider Rodriguezek bigarren narrazio-bilduma dakar esku artean, «Haragia» (Susa). Hamabi ipuinez osatu du lana, eta bertan agertzen diren pertsonaiak kinka larrian edo estualdiren batean murgilduta dabiltza. «Biszerala» dela iritzi dio Gorka Arrese editoreak. Idazlearen hitzetan, berriz, «gizakia adaptatzera bultzatzen duen psikologiaren aurkako» ipuin bilduma bat izateaz gain, «afektuarekin gatazkan bizi direnen nolabaiteko isla» ere bada.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Gizakia «pinguino gisa» irudikatu duela esan du Eider Rodriguezek (Orereta, 1977): «Harkaitzetik harkaitzera jauzika beti, desoreka etengabean, beti erortzeko zorian; batzuetan erori egiten da, erortzen denean zutitzen ahalegintzen da. Zutitu eta berriro harkaitz batera; jausi egiten da, berriro ahaleginduko da zutitzen, eta halako batean zutitzea lortzen ez badu, segituan izango du alboan jaun edo andere konduktibista edo psikologoren bat `Zutitu behar duzu!' esanez. Izan ere, gaur egun erortzea ez dago ondo ikusia; ezin zara erori, ez da egokia, gehiago esango nuke, debekatuta dago».
Idazleak, bada, uste du «Haragia» erortzen diren gizon-emakumeei buruzko kronikatxoa edo ipuin-bilduma dela: «Batzuetan berez erortzen dira, beste batzuetan zangotraba baten erruz, bestetan estropezu egin dutelako... eta batzuetan lortuko dute tente jartzea, eta beste batzuetan ez». «Hala ere -argitu du-, ez dut inor izutu nahi. Hau ez da psikologia liburu bat, izatekotan gizakia adaptatzera bultzatzen duen psikologia horren aurkako bilduma da».
Maskara azpian bizi beharraz
Psikologian aditua ez dela esan arren, gizakia bere ingurunera egokitzen saiatzen den konduktismoaren eskolaz hauxe uste du, kritiko: «korronte honek gizakiaren dekadentzia adierazten du argi eta garbi. Lehen, garai idealistago batzuetan behintzat, gizakiaren xelebrekeriak, izakera propioa izatea onartuta zegoen; gaur egun, ordea, ez, adaptatu beharra dago. Eta xelebrea da, azkenean egungo psikologiaren korronte nagusiak behartzen du gizakia maskara baten azpian bizitzera, maskara jartzera; azken batean ez baita benetan bera den bezalakoa, besteek nahi duten bezalakoa baizik».
Maskaradunen aldean, baina, «pinguinoak» nahiago berak.
Inguratzen gaituen pertsona «konplexua, ñabarduretan hain aberatsa, askotarikoa» aurrean paratu eta ondo begiratuz gero, Rodriguezen hitzetan, gizaki «okurrentea, bizia, dibertigarria» ikus dezakegu, eta baita pertsona «gezurtia, maltzurra, bekaiztia, eta gaiztoa ere askotan». «Baina azken hori bakardadean dagoenean aurkituko dugu. Pertsona bat beste batzuen artean dagoenean, hori guztia (makurkeria, bekaizkeria...) gorde egiten du-eta. Bere benetako 'ni' hori galdu egiten du, hori azaleratzea gaur egun munstro bat bezala agertzea litzatekeelako. Horregatik, nire ustez gizabidetsuak, grisak eta politikoki zuzenak diren pertsonez inguratuta gaude», laburbildu du idazleak.
Alde ilunarekin «liluratuta»
Harri hori tiraka, kontrako eremura jo nahi izan du berak, kezka estetiko eta etikoez gain, honakoa izan baitu kontuan bere ipuin-bilduma sortzean: «nolakoa den gizakia gauza maltzurrak, desegokiak, jendaurrean esan ezin ditzakeen gauzak pentsatzen dituenean. Egia da liluratu egiten nauela gizakiaren parte sekretu eta ilun horrek, eta saiatu naiz pertsona horien aurrean ni ere maskararik gabe agertzen, beldurrik gabe. Eta ohartu naiz munstro hori maskara jartzen duenean soilik dela munstro, kendu bezain pronto pertsona liluragarriak aurkitu ditudalako, biziak eta dibertigarriak».
Heriotzarekiko harreman berezia dutenak, elikadurarekin harreman gatazkatsua duen e-makumea, erakargarri sentitzearren edozer egiteko prest dagoen feminista ohia, katu bat galdu duen langilea, gose-greba egiten ari den presoa... Ezberdinak dira oso bere ipuinetako pertsonaiak, eta denetan beren motibazioak bilatzen saiatu dela aitortu du idazleak, «batez ere maitatzeko eta gorrotatzeko dituzten arrazoiak zehazten, aurkitzen, idazten eta islatzen saiatu naiz». Hala, epikarik gabeko eta, nolabait esatearrean, «egunerokoak» diren hamabi kontakizunetan afektuak oso leku berezia du. «Afektu behar konpultsiboa dute batzuetan pertsonai horiek; besteetan pertsonaiek ez dakite zer egin jasotako afektu guztiarekin, eta eskuartean patata bero bat izango balute bezala sentitzen dira... Afektuarekin gatazkan bizi diren, garen, bizi zaretenen nolabaiteko isla da hau».
Horretarako, Gorka Arrese editoreak nabarmendu du pertsonaia oro estualdiren batean agertzen duela Rodriguezek: «Badute beti, edo ia beti, halako ezpal bat haragiaren urratuan sartua. Esango nuke biszerala dela liburua, aizto baten ahoan baleude bezala bizi dutelako e-goera zailen bat». Narratzaileak, bere aldetik, «modu krudelean gobernatzen» ditu protagonistak, gaizto eta maltzur jokatuz.
Idazlearen aurreneko narrazio-bilduma, «Eta handik gutxira gaur», 2004an kaleratu zuen Susak. «Haragia» hura baino «bariatuagoa» dela eta elkarrizketa gehiago dituela azaldu du egileak. Ekarpen berria, «sobrioagoa» ei da oro har, «apaindura edo artifizio gutxiagokoa».