Lau eta Erdiko finalaren biharamuna
Titin: «Nik gehiago zor diot pilotari pilotak niri baino»
Jasotako laudorio guztien gainetik, errioxarrak giroa pixka bat baretu nahi izan zuen egun bat geroago
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Biharamun gozoa izan zen atzokoa Titin III.arentzat. Triciotarrak egunkari eta albistegi guztietan sekulako laudorioak jaso zituen, eta bere aldeko mirespen hitzek izan ohi dutena baino indar handiagoa hartu zuten finalean erakutsitako adoreagatik. Hala eta guztiz ere, eta betiko bideari jarraituz, Titinek giroa pixka bat baretu nahi izan zuen, eta aurrera begira segi beharra dagoela adierazi.
«Egunotan, eta finalaren ondoren ere bai, askotan entzun dut txapela merezi nuela eta pilotak zor bat zuela nirekin. Baina egia esan behar badut, ni naiz pilotari dena zor diodana. Hori oso argi daukat», argitu zuen atzo bertan eginiko adierazpenetan. Izan ere, nahiz eta bezperan Logroñon afari lege ederra egin lagun eta senide guztiekin, errioxarrak ez zuen hainbat komunikabiderekin hitz egiteko arazorik izan.
Alde horretatik, argigarriak izan ziren igandeko finala amaitu bezain laister prentsa aretoan egin zituen adierazpenak, beretzat pilota ogibide hutsa baino gehiago dela erakusten dutenak: «Bihar berriz ere hutsetik hasi behar dut. Hau gurpil baten modukoa da, entrenatzen jarraitu behar dut, partidak jokatzen... Pilota gustatzen zait, pilotan jokatzeagatik ordaintzen didate eta nik gainera gozatu egiten dut. Gaur inoiz baino komunikabide gehiago daude hemen eta horrek erakusten du pilota bizirik dagoela. Pilota munduan giro bikaina daukagu eta horri eutsi behar diogu».
Garaipen-zerrendari begira jarrita, Titinek bere ibilbideko laugarren txapela irabazi zuen igandean, baina aurreko hirurak binaka lortu zituen. 1994an jantzi zuen lehena, Arretxerekin batera, finalean Retegi II.a eta Belokiri irabazita (22-14). Urte hartan Empresas Unidas-ek beste txapelketa bat antolatu zuen eta hura Etxaniz eta Zezeagak irabazi zuten. Bigarrena, 2000. urtean lortu zuen Titinek Lasaren laguntzarekin. Finalean Unanue eta Errasti menderatu zituzten (22-21). Hirugarrena, azkenik, 2002an jantzi zuen Goñi III.arekin Martinez de Irujo eta Lasa gainditu ostean (22-10).
Baina Titinek oso argi du: «Txapel bat irabazteak palmaresari dagokionez garrantzia handia du, eta estadistikak hortxe geratzen dira betiko. Badirudi finala irabazteagatik zure lana gehiago baloratzen dela, baina nik irabazi ala galdu berdin-berdin jarraituko dut lanean».
Telebistaz ere jarraipen handia
ETBk eman dituen datuen arabera, igandeko finala 500.000 pertsonak ikusi zuten telebistaz. Autonomia Erkidegoan telebista ikusi zuten %33,7k pilota aukeratu zuen eta Nafarroan portzentaia hori %50ekoa izan zen. Aspaldiko daturik onenak dira.