Bederatzi narrazio erotikok osatzen dute Rafa Ugalderen «Relax» izeneko liburu berria
Euskarabila Elkartearen Ipuin Erotikoen lehiaketan lehen saria irabazi ondoren, idazle zornotzarrak Txalapartaren Literotura bilduman argitaratu ditu bederatzi narrazio berri. Guztiek sexua dute ardatz.
K.A. | BILBO
Edorta Jimenez idazleak, Txalapartaren Literotura bildumaren arduradunak, liburu «dotorea» zela esanez aurkeztu zuen atzo Rafa Ugalderen «Relax».
«Genero zaila da, erotismoa guztiz komertzializaturik baitago. Freskotasuna behar da, eta liburu honek badu. Oso ondo idatzia dago eta grafismo aldetik ere berria da, relax iragarkiak eta olerkiak tartekatzen dituelako».
Rafa Ugaldek (Zornotza, 1961) narrazio liburu bi ditu argitaratuta: «Hamaika bizimodu» (Ibaizabal, 2003) eta «Gure gerretako heroiak» (Elkar, 2006). «Relax» liburu berriaren abiapuntua Basauriko Euskarabila elkartearen Ipuin Erotikoen lehiaketa da. Bertan lehen saria eskuratu ondoren, Ugalderi Txalapartak erronka jarri zion. Bederatzi narrazio erotiko idatzi zituen egileak eta horiek osatzen dute «Relax». «Ez naiz sormen handiko idazlea, eta horregatik beti behar dut egiazko oinarri bat. Liburu honetako narrazio erotikoek ere egiazko oinarri bat dute. Batzuetan oinarri horrek badu neurekin zerikusia, eta beste batzuetan, ez», azaldu zuen Ugaldek. Halere, egileak atzo esan zuenez, ez du lotsarik sentitu gai honi buruz idazterakoan. «Biluztea lehenagotik egon zen. Euskarabila saria irabazi nuenean, adibidez. Orduan bai, jendeak zer pentsatuko zuen galdetzen nion neure buruari, `buruan sexua besterik ez daukadala uste izango al dute?'; Baina, azkenean, konturatu nintzen neuk buruan denok daukaguna daukadala».
Hizkuntza
Euskal literaturan ez da erotismorik landu urte askotan, atzo Edorta Jimenezek gogoratu zuenez. «Apurka-apurka berpizten joan da, eta dotoretasuna aurkitzen hasi gara». Oraindik, hiztegiarekin arazoak dituzte erotismoaz idatzi nahi duten idazleek. «Ez da batere erraza terminologia bat bilatzea. Nire lagun batek esaten du euskaldun osoa larrutan ere euskaraz egiten duena dela. Hiztegi hori guztia gaztelaniakoa dugu, euskaraz garatu barik dago oraindik. Ez dugu natural bihurtu».