Itziar Aizpurua Egaña Ezker abertzalearen militante historikoa
18/98ko abertzale eta ezkertzale guztioi ohore!
Harro sentitzen naiz, benetan harro. Badirudi nire baitako zerbait doala zuekin batera. Neu ere zuekin atxilotuta nagoela, edo eramateko naukatela une batetik bestera. Kidetasunaren harrotasuna da, elkar ulertzearena; bide berdinetik pausoak batera ematearena da.
Eskuburdinez loturik, burua makurtu nahian bultzatuz, lapurren antzera, gaizkileetan gaizkileenak bezala eraman zaituztete, sortu duten gizarte burugabe eta odoltsua elikatu nahian «begira zer egiteko gai garen!» oihukatuz.
Badakigu ongi, Jokinek eta biok, nolako une saminak bizitzen ari zareten. Bihotza uzkurtuta nahigabe fisikoa sentitzeko tamainan, maitasuna borborka eroaren pare dabilen bitartean. Buruan milaka irudi, oraingoak, atzokoak, antzinakoak ere bai. Nork bere maiteak laztantzen dituen unetxo hartan sentimenduak, aholkuak, aginduak denak batera ahotik ateratzen direla... Bizi-bizirik zaudete, egon lasai maiteok!
Nire Jokin maitea zuekin dagoela pentsatu dut egun hauetan. Zein harro egongo ginen biok gure samin ikaragarrian...
Azken batean, Euskal Herria maite eta ezker abertzalearekin lan egitea bizirik irautea da. Hona hemen Jokinen eta bion ikuspegia eta ondorioa.
Orain arte egin duzuen lanak badu jarraipena dagoeneko, esku batetik bestera doa lekukoa mezu berberarekin: independentzia eta sozialismoa Euskal Herria eraikitzeko, burujabetza izateko. Lasai egon, honek ez du lortu arteko etenik izango eta. Kartzelak beteko dira, atzerrira iheslariak joan beharra izango dute. Egun latz eta luzeak pasa beharko ditugu, baina Euskal Herriak iraungo du zutik, bera eta ez beste bat izatea lortuko dugulako.
Jose Luis maitea! Artaldeko artzain zaharrena zarenez, zaindu zaitez, besteak ere zaintzeko. Atxilotu baino istant bat lehenago adierazi didazun legez, bilera bat dugu egiteko, hil honen 14an. Lehenbailehen burutu beharra dugu, beraz, kalera laster! Gu bagoaz buru-belarri borrokan murgiltzera. Banan-banan, besarkada bero bat eta musu bana bidaltzen dizuet, maitasunez betea.