GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Lander Garro Idazlea

Bost mende

Iragarkietako andere biluzia da Euskal Herria, arroparik gabe azaltzen den neska kurbaduna: bortxa dezagun puta hori! Bizirauteko behar gaituzte, solitariak hesteetako hondakinak behar dituen bezalaxe

Batzuek arnas har dezakete: 200 atxilotuak ezker abertzalekoak izango dira. Zer da ezker abertzalea? Tira, badakigu denok. ETAren ingurumariko jendartea da ezker abertzalea. Herrikoan sartzen dira, HB bozkatu nahiko lukete, baina beste zerbait bozkatzen dute, erakunde honentzako eta beste harentzako xoxa batzuk jartzen dituzte, senideren bat giltzapean dute, lagunen bat akaso, okotzaren azpian bizartxoa daramate, eta abar. Horiek dira ezker abertzalekoak. Profil horretan sartzen bazara, kasu: atzetik dauzkazu. Bestela, hartu arnas, eta saia zaitez bizitza gozatzen (lau egun besterik ez dira!). Txantxa tankerako tesi hau, egia juridiko bilakatu dute... Espainian!

Bat, bi, hamar, berrogei, ehun eraman dituzte. Haien kurrikuluma plazaratzea ezinezkoa eta ezinbestekoa da, behintzat, ez dezagun ahaztu kalean gaudenok barruan beharko genukeela. Jujeen toga beltzak segaz dabiltza gurean, eta gu segadun izaki hegalari horri harriduraz begiratzen dioten herritar babesgabeak baino ez gara, segaren ahoak noiz harrapatuko zain. Orain arte, mamuek nahiago izan dituzte gazteak, etorkizun ororen hazi eder horiek, baina azken aldian gure zaharrak aukeratu dituzte, irakasle nahiz kazetari, filosofo nahiz politika gizon, guztia da haragi, helburua odola eragitea bada... Espainian!

Ustezko gizarte hau ustezko baino zerbait gehiago, edo serioago balitz, intelektualek egunkarietako orriak beteko lituzkete, eta konparazio, tesi nahiz metafora erabakigarriak egingo lituzkete, boterea izutzeraino ia. Intelektualek ez dute hitzik egiten, ordea, akaso ez dutelako, dagoeneko, entzulerik. 1 Formula ikustera joango ziren ziur asko. Edo etxeko sofan etzanda egongo dira, txutxumutxu saio horietako bati begira, hurrengo nobelarako pertsonaia «aktualak» bilatzen. Ez da harritzekoa, hala ere: gure intelektualek liburuak saldu nahi lituzkete... Espainian!

Duela hainbat urte, ertzainak «kanpoko» poliziengandik defendatzen jarri beharko genituzkeela esan zuen jende mordo batek. Zinezko gerra bat! Armak, armen aurka. Hain zen harrigarria herri honen aurka gertatzen ari zena, ezen eta zerbait ulertzeko modu bakar legez poliziaren babesera korri egiteko ideia pasa baitzitzaigun burutik. Erremediorik gabeko ergelkeria, gure oroimen trakets hau. Baina gure polizia, gure aurkako ekimenak prestatzen ari zen une hartan bertan... Espainian!

Herri honek lortu duen erabateko desartikulazioa ulertzea; horixe egiten da ulertzeko (sinesteko) zailen. Nondik dator albokoa jipoitzen duten bitartean beste aldera bagiratzeko abilezia hori? Nondik dator, gerta zer gerta ere, ezikusiarena egiteko tradizioa? Gure herri bikaina bezala, milurtekoa ote da? «Garapen jasangarriak» zerikusirik ba ote du? Gure herriarentzako «ezinbesteko diren proiektu estrategikoek» eraginik ba ote dute? Hori guztia pentsatzen ariko dira, irri ironiko batez... Espainian!

Kontzeptuak aldagaitzak dira gure herri zikiratu honetan. Demokraziak demokraziaren errespetua merezi du, demokrazia izatera inoiz iritsia ez bada ere. Alderdi demokratikook, batu gaitezen! Gaizkia hor dugu, kale kantoiaren bueltan, akaba dezagun! Demokrazia honek demokrazia zer ez den egunero irakasten du, erakundeak lizuntzeko manualak irrigarri uzten ditu, giza eskubideen urraketen inbentarioa amaiezin bilakatuz... baina demokrazia izaten segitzen du. Zitalkeria poliziala da erakunde eta alderdi politikoen egitarau politiko bakarra, eta ekimen xinple eta infantil hori, erreklamu elektoral (bakar) bilakatu dute. Iragarkietako andere biluzia da Euskal Herria, arroparik gabe azaltzen den neska kurbaduna: bortxa dezagun puta hori! Bizirauteko behar gaituzte, solitariak hesteetako hondakinak behar dituen bezalaxe. Herrien arteko konponezina, elikagai hutsa da espainiarrentzako, eta iraina, sasi gogoeta eta iruzurra da gutaz esateko duten bakarra. Zaharra da helarazten diguten higuina. Gure agintari abertzaleen ustez, baina, oso ongi bizi gara... Espainian!

Euskal Herria, ordea, ez da Espainia, ezta Frantzia ere. Euskaldunok, euskaldun nahi dugu izan. Ez da hain zaila ulertzeko. Gutako askok badakigu zein den gure anaia, gure ahaidea, nor dabilen gure lubakian, gure alde. Ondotxo dakigu horiek ez direla hizkuntza bikoitzaren maisuak, ez direla herria egoerarik larrienean dagoen honetan patrika betetzeko moldeez kezkatuta dabiltzan miserableak. Atzoko egunkarian pozez txaloka ikusten genituen, ufaka eta bibaka. M-11ko biktimen elkarteko Pilar Manjon anderearen hitzak gogoratu zitezkeen argazkiari begiratuta (Urkullu ageri da, eguzkiari besarkatuta bezala, besoak zabalik): zeri egiten diozue txalo? Zer da horren dibertigarri? Garaia da txekea bueltan eskatzeko. Aizu, itzuli emandako txekea: ez zara gure alde ari. Ama saldu duzu, arraioa, ama saldu duzu! Ez badugu egiten, ez badugu azkar egiten, beste bost mende pasako ditugu gatazka honetan, bost mende... Espainian!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo