REAL
Emaitza ona, hurrengo partidaren arabera
GARA | DONOSTIA
Malagaren aurkako garaipenak sortutako pozak eta ilusioak balaztada gogorra sufritu zuten Sevillan. Realak, alde batetik, ezin izan zuen joan den asteko urratsa ibilbide bilakatu eta, bestetik, eskainitako irudia ez zen batere ona izan.
Hori onartu zuten atzo zuri-urdinek; baina, hala ere, nahiago dute irakurketa positiboa egin. Hau da, kaskar jokatu arren, taldeak ez zuela neurketa hori galdu eta, gainera, igoera postuekiko desabantaila ez dela areagotu. Hain zuzen ere, «puntu bat gertuago gaude», azpimarratu zuen atzo Xabi Prietok. «Partida nolakoa izan zen ikusita -onartu zuen-, ontzat eman behar dugu urrunago ez egotea».
Jon Ansotegiren ustez, bestetik, garrantzitsua da «une onak irabazteko aprobetxatzen jakitea eta, une txarretan, edo taldeak zein jokalariok gure egunik onena ez daukagunean, sendotasuna izaten jakitea eta, behintzat, ez galtzea».
Realak, gainera, Sevillako berdinketa hori emaitza on bihurtzeko aukera izango du datorren igandean. Beti ere, hurrengo emaitza horren arabera; izan ere, garaipenak bultzada ederra emango bailioke, baina porrotak, bestetik, taldea sailkapenaren behealdean kokatuko luke. Horregatik, Sanchez Pizjuaneko partida «lehen baino lehen ahaztea» nahi du Xabi Prietok, «Cadizen aurkako partidan konzentratzeko». «Sevillan eskuratutako puntua ona izan daiteke baina, horretarako, etxean irabazi egin behar dugu orain -azaldu zuen-, sei partidatan garaipen bakarra lortu baitugu, eta hala jarraitu ezkero oso puntu gutxi batuko genuke ekainerako». Hala ere, Cadiz gainditzea espero du, Anoetan «gauzak ondo egiteko ahalmena daukagula erakutsi dugulako».
Ansotegiren ustez ere, igandean irabaztea garrantzitsua da. Nabarmendu ditu Sanchez Pizjuanen agerian geratu ziren hainbat xehetasun hobetu beharra, «bai goialdean, baita defentsan ere». Gainera, argi dauka «sailkapeneko lehen postuetan egon nahi badugu, talde sendoa eta gogorra izan behar garela. Hori funtsezkoa da igotzea nahi badugu».
Prietoren berritzea
Xabi Prietok, bestetik, ez zuen hitz egin nahi, hauteskundeak direla-eta modan jar litekeen bere berritzeari buruz. Jokalariak ez daki hautagairen batek hori erabiliko ote duen eta, gainera, ez du nahi «orain horri buruz hitz egitea. Nire jarrera, bestetik, ez da aldatu. Edozein borrokatik kanpo geratuko naiz, nahiago dut gehiegi ez jakin, eta gauza horiek ordezkariaren eskuetan uztea».