ERRUGBIA Liga Federala
Nafarroari entsegu batek eman dio garaipena
Donibane Lohizune zen derbia irabazteko faboritoa, baina hiru zigor-kolpe besterik ez zituen gauzatu, eta azkenean burua makurtu behar izan zuen
Jon LEUNDA | DONIBANE LOHIZUNE
Ezuste handia izan zen herenegun arratsaldean Donibane Lohizunen, izan ere, Nafarroak etxeko taldea ustekabean harrapatu eta lau puntu garrantzitsu lortu zituen. Hori-gorriek bi garaipen lortu dituzte jarraian, eta ondorioz beheko postuetatik aldendu dira.
Derbi gehienak bezalaxe, ez zen partida handia izan, eta entsegu bakar batek erabaki zuen norgehiagoka. Kanpotarrak oso azkar aitzineratu ziren, lehen jokaldian zigorra izan baitzuten alde, eta Iturririak ez zuen hutsik egin. Bi taldeetako jaurtitzaileek protagonismoa izan zuten lehen minutu horietan. Nafarroakoak bi gauzatu zituen, eta Elizondok, Donibane Lohizunekoak, beste bi.
23 minututan talde bakoitzak seina puntu lortu zituen, baina hortik aurrera joko gutxi ikusi ahal izan zen, eta aukerak ere gutxi. Nafarroak entsegu bat eta zigor-kolpe bat gutxienez gauzatu zituen, eta azkeneko minutuetara 6-14koarekin heldu zen, baina Elizondok azkeneko jokaldian zigorra gauzatu zuen Donibane Lohizunerentzat, eta etxeko taldeak markagailua itxuratu egin zuen.
Maulek galdu
Mailako hirugarren euskal taldeak, Maulek, 22-6 galdu zuen Oloruera egin zuen bisitan. Zuberotarrek ez zuten behar bezalako partida egin, eta amaieran esku hutsik geratu behar izan zuten. Zuberotarrek bi zigor-kolpe gauzatu zituzten, eta hiru entsegu jaso zituzten.
Sailkapenean, bosgarren multzoan, Maule bosgarren dago 12 punturekin; seigarren multzoan, Donibane Lohizune laugarren 19 punturekin, eta Nafarroa, seigarren 12 punturekin. Hiru taldeek lan handia egin beharra daukate dituzten helburuak bete ahal izateko.
Gernikako taldea gero eta sendoago dago sailkapeneko bigarren postuan
Gernikaren helburua da Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatzea, eta horretarako Liga estreinako bi postuetan amaitu beharra du; oraingoz gauzak ongi doazkio, izan ere, hortxe daude, gero eta sendoago, Cornellan 0-90 irabazi ondoren. Markagailuak dena esaten du.
Hernanik, laugarren postuan jarraituko du, eta Durangok, berriz, bosgarren postuari eutsiko dio, asteburu honetan elkarren aurka jokatu duten derbiaren ostean. Partida 18-18 berdinketarekin amaitu zen. Bi taldeek lehia estua eta parekatua eskaini zuten. Honelakoetan ostikoek garrantzi handia izaten dute, eta horretan ere pare-parean ibili ziren bi taldeak.
Donibane Lohizunek atzeranzko bidea hartu du, jaitsiera postuetan zegoen talde baten aurka etxean galtzea kolpe gogorra izan baita. Partida kaskarra egin zuten, ordea.
Nafarroari indar handia emango dio Pro2ra igo nahi duen talde baten zelaian irabazteak. Oraingoz, behintzat, azkeneko postuak atzean utzi ditu.