GARA > Idatzia > Kultura

Berrizko Sei Urte «power pop» laukoteak etxeko berotasunera darama zuzenekoa

Martxoak 31 taldearekin batera emandako kontzertu gogoangarria grabatu eta plazaratu du Sei Urtek, taldea zuzeneko momenturik gorenean aurkezten duena: «Plateruenan zuzenean 2007-03-31».

p046_f01_148x104.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Sei Urte taldeak laugarren lana, zuzenekoa, aurkeztu zuen atzo Bilbon. Metak diskoetxearekin aurreneko bi lanak plazaratu ostean, hirugarrena ekoizteko Estoldetan zigilua sortu zuen laukoteak. Orain, hiru ekoizpen horietako lanak batu dituzte taldearen zuzeneko unerik gozoena probestu nahian, Plateruenako berotasunean grabatu zen zuzeneko hura argitaratzearekin eta, soinua ez ezik, hango irudiak ere bildu dira.

Elortza anaiek (Iokin, Iñaki eta Ekain) eta Julenek osatu laukoteak 2002an plazaratu zuen «Bapatean» estrainekoa Metak zigiluaren bidez, eta jarraipena eman zioten 2003an, «Ekiozu» lanarekin. Zigilu gipuzkoarraren itxierak erronka berriak jarri zizkion taldeari, eta Estoldetan zigilua sortu zuten hirugarren lana, «Jauzia», plazaratzeko.

Lan berri horretan, taldeak bere gain hartu zituen diskoa sortzeak eta plazaratzeak eskatutako pausu guztiak: abestiak sortzetik hasi eta grabatu, nahastu, karpetaren diseinua burutu, promozioa zein banaketa egin eta saltzearekin bukatu arte. Lan eskerga da, beraz, autoekoizpenera jo duen orok legez, taldeak bere gain hartu duena.

Kalipuz betetako power pop trinko baten jabe, zuzeneko lana aurkeztu du orain taldeak, aurreneko lanen bilduma gisa. Trilogia itxi eta taldea momenturik onenean azaltzen da lan horretan.

Taldearen hitzetan, zuzeneko lan hori betiko jarraitzailei egindako oparitzat har litekeen arren, oraindik taldea ezagutzen ez duenak aukera aproposa du bertan, Sei Urtek orain arte egindako bidea ezagutzeko. Izan ere, martxoaren 31n grabatutako kontzertua, laukoteak hile horretan eman zuen hamargarren zuzenekoa erakusten baita lanean, taldea sasoi betean agertzen duela.

Martxoak 31

Durangoko bonbardaketaren 70. urteurrenaren ekitaldien barnean, izenean zorigaitzeko egun hori omentzen duen Martxoak 31 talde durangarrarekin batera emandako kontzertu gogoangarria jaso da berriztarren zuzeneko diskoan.

Martxoak 31 aspaldi desagertutako taldea dugu, 90. hamarkadan Durangaldean entzute handikoak. Gitarra jole aritu zen bertan Sei Urte taldeko Iokin. Bonbardaketaren urteurren berezi horretan parte hartzeko baino elkartu ez zen taldeak aurreikusia zuen emanaldi berezi hori grabatzea eta zuzeneko lana plazaratzea, ez ordea Sei Urte laukoteak.

Hala ere, primerako baliabide teknikoak zituztela eta zuzenekoaren hunkigarritasuna ikusita, berriztarrek ere une egokitzat jo zuten jendaurrean egindako lana diskoan emateko.

Lan berriak 11 abesti biltzen ditu entzuteko eta beste lau ikus-entzunezko, cd/cd-R formatuan. Zuzeneko diskoa plazaratuta, kantu berriak sortzen ari da laukotea, 2008an estudioko lan berria plazaratze aldera.

Bestalde, Martxoak 31 taldeak ere aurki aurkeztuko du «1937-2007» izeneko lana cd/dvd formatuan, Plateruenan emandako kontzertu berezi eta bakar hura azaltzen duena. Durangarren lana ere, Berrizko lagunen Estoldetan zigiluak plazaratuko du.

Dendetako erakuslehioetara ere helduko diren arren, Durangoko Azokan jarriko dituzte lanok salgai, Durangaldeko Musika Elkarteak izango duen erakustokian, Barrenkaleko 40 zenbakian.

Fitxa

Taldea: Sei Urte. Diskoa: «Plateruenan Zuzenean 2007-03-31».

Formatua: Cd (11 kantu entzuteko) + Cd-R (4 kantu ikus-entzunezko).

Zigilua: Estoldetan.

Salneurria: 9,50 euro.

Informazio gehiago:

www.seiurte.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo