GARA > Idatzia > Zorroztarria

UPNren eta PSNren arteko lehia Nafarroaren izaera estrategikoaren adierazle da

Alderdi unionistek Nafarroa gatazka politikotik aparte uzteko egiten duten saiakera bakoitzarekin argi erakusten dute, hain zuzen ere, Nafarroa gatazkaren erroan dagoela. Norabide horretan, UPNren eta PSNren arteko azken lehia dialektikoak muga guztiak hautsi ditu. Konponbidearen aurka bietatik zeinek jardun duen zorrotzago argitu nahi dute orain, gizakiaren logikaren kontra doan lehiaketa zoroan. Biek ikusi ahal izan dute lehia horrek ez diela etekinik eman azken hauteskundeetan, baina, logika politikoaren aurka, lehiaketa hori irabazteko prest daude.
Hauteskundeetako porrotaren ostean, PSNren gidaritzak Madrildik inposatutako menpekotasuna naturaltasunez asumitu du. Purasen dimisioak ez zuen hausturarik eragin, eta kontinuismoa instalatu da, beste behin ere. Alderdi horrek herrialdean hartu duen bideak Gobernutik ez ezik Nafarroako gizartetik ere aldentzen du. Ondorioz, menpekotasuna ez da legegintzaldi baterako, baizik eta ziklo politiko oso baterako. PSNk menpekotasun hori Nafarroari gatazka politikoan eta horren konponbidean dagokion tokia emandakoan soilik gainditu ahal izango du. PSNk eta baita beste guztiek ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo