GARA > Idatzia > Mendia

ESKALADA Usobiagaren kateatzeak

Patxi Usobiaga zaila dena erraz egiten

Eskalatzaile gipuzkoarrak «La Rambla» bidearen (9a+) bosgarren igoera sinatu du. Horrez gainera, 8b, 8b+ eta 8c-ko bide bana igo ditu lehenengo begi kolpean egun baten buruan

p050_f01_250x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTI

Eskalatzen duen edonork badaki jakin ez dela begiratu behar soilik zer kateatu den. Hori, ezbairik gabe, garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da nola egin den. Eta horren adibide adierazgarri bat Patxi Usobiagak kateatu berri duen bidearen nondik norakoa dugu. Duela zortzi egun, azaroaren 27an, eibartarrak munduan dagoen bide sonatuenetakoa zein gogorrenetakoa, La Rambla (9a+, Siurana) poltsikoratu zuen. Hori egin duen bosgarren eskalatzailea izan da; aurretik Ramon Julian, Edu Marin, Chris Sharma eta Andreas Bindhamer izan ditu.

Baina aipatu dugun legez, oso era dotorean egin du. Izan ere, saio bat gorabehera, Usobiagak zortzi ekinalditan lortu du amesten zuen helburu zail hori. Horrela bada, zaila zena erraz egin du. La Rambla-ra egin zuen lehenengo bisita 2002. urtean izan zen. Garai hartan, bidearen mugimenduak ezagutu ahal izateko, soilik saio bat eman zion, eta segituan ohartu zen oso erronka gogor baten aurrean zegoela. Bi urte geroago, 2004an, beste lau aldiz eman zion, eta etxera esku hutsik itzuli zen. Joan den azaroan, berriz, bere hirugarren eta behin betiko agerraldia izan zuen. Eta horretan, hiru saio behar izan zituen 9a+ zailtasuneko bidea egiteko; gainera, oso gutxigatik, kateatu zuen egunaren bezperan, kalitate handiko saioa egin ondoren, ia katera heldu zen.

Hiru bisita ezberdinetan eta zortzi saiotan: emaitza ikaragarria. Iaz, Sharmak bigarren errepikapena erdietsi zuenean, ia aho batez esaten zen zaila zela estatubatuarrak egin zuena gainditzea. Izan ere, eskalatzaile horrek La Rambla hamabi saiotan poltsikoratu zuen. Hori bai, Sharmak El Pati sektorean dagoen bide horretara egindako lehenengo bisita zen. Hori guztia gutxi izango balitz, Patxilinek goi mailako beste bide bat eskuratu zuen: Estado critico. Dani Andradaren proposamen hori egin zuen lehenengoa Ramonet izan zen. Ondoren, lehenbiziko errepikapenak iritsi ziren: Nicolas Favresse, Andrada, Marin, Adam Ondra eta azkena Usobiagarena. Horietako batzuk Estado critico 8c+ graduan kokatu zuten. Horrela bada, 8c+ eta 9a artean, erabat argitu gabe, jarraitzen du. Eta berriro ere, eibartarrak oso era dotorean egin zuen: bi saiotan. Eta, gainera, La Rambla kateatu zuen egun berean.

Sasoi ikaragarria

Baina, zer demontre gertatzen ari da Usobiagaren sasoiarekin? Irakurleak ondo baino hobeto dakienez, bigarren urtez jarraian Eskaladako Munduko Kopa irabazi du. Baina, hori bai, iaz ez bezala, garaipenak kalitatezko bultzada gehigarri bat eman dio. Nazioarteko zirkuitua bukatu bezain laster, Etxauritik pasa zen. Han, besteak beste, Ekaitz Maizek prestatutako bi proiektu kateatu zituen: Faxismoaren txotxongiloak eta Kidetasunaren balio erantsia. Lehenbizikoarentzat 8c+ gogorra proposatu zuen, baina Estado critico egin ondoren, zera baieztatu du: «Estado critico 9a bada, orduan Faxismoaren txotxongiloak gradu horretatik oso-oso gertu dago». Etxauriko bigarren bideari 8c+ leuna jarri dio; Maizek bide bera joan den ostegunean igo zuen eta Usobiagaren iritzi berekoa da. Berriro ere bi bide gogor oso saialdi gutxitan, eta bide horietan eskalatzen ikusi zutenak zur eta lur utzi zituen, eskalatzailea oso sasoi onean ikusi baitzuten.

Hain zuzen ere, Etxaurin sentitutakoak «behartu» zuen La Rambla probatzera, benetako saioa egitera. Bere helburu garrantzitsuenetakoa zen eta, horrela bada, azaroaren 25ean Tarragonako eskola horretara joan zen. Biharamunean, bi saio egin zituen: «Nahiz eta nahiko argi eduki, lehenengo saioa mugimenduak gogoratzeko egin nuen. Sentsazioak onak ziren, eta bigarren bat egin nuen. Hasieran urduri samar joan nintzen, baina segituan lasaitu nintzen. Zailtasun handienak gainditu ondoren, goialdean, atseden leku batera heldu, oinaren punta sartzen saiatu nintzen eta baita erori ere. Katera heltzeko oso gutxi falta izan zitzaidan».

Amorrua, besteak beste, muturreko bide horietan horrelako «hutsek» min egiten dutelako. Baina Usobiaga ziur zegoen hurrengo eguneko saioa behin betikoa izango zela. Eta hala gertatu zen. Azaroaren 27an La Rambla sinatu zuen. Egun horretan, bai, ez zen inolako ezustekorik izan. Harrigarria, bidea egin duten guztiek goialdeko bi hatzetako pauso gogorrean eta amaierako tarte sikologikoan izerdi franko bota baitzuten. Gipuzkoarrak, aldiz, Gara-ri adierazi dionez, aise egin zuen: «Ez nuen inolako arazorik izan urrats hori egiteko, eta amaiera ere ondo baino hobeto egin nuen. Atsedenlekuan oinaren punta bikain sartu nuen. Gainera, aurreko eguneko saioan ez bezala, inprobisatu egin nuen. 9a+ ederra da eta, benetan, oso gustura nago oso saio gutxitan kateatu dudalako».

La Rambla-ren errepikapena lortzeaz gainera, eibartarra Montsant aldean izan da, eta Tarragonako eskola hartan hiru bide gogor lehenengo begi kolpean kateatu ditu: La Esclava del Temps (8b), Falconeti (8b+) eta Monocroma bidearen aldaera bat (8c, proposamena). Horiek guztiak, gainera, egun baten buruan.

AZKEN ORDUA

Usobiagak «La novena enmienda» bidearen (9a+) hirugarren igoera egin zuen pasa den astelehenean Lleidako Santa Linya eskolan. Dani Andradaren proiektu hau Andrada berak eta Chris Sharmak egin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo