Mikel Soto editorea
Jai eguna ghettoan
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren irekiera egunean, Mikel Soto editoreak aurten 42. aldiz egingo den ekimen honen erradiografia kritikoa eta ironikoa egiten du. Sotok, umore handiz, gure kulturaren eta hizkuntzaren miseriak nabarmentzen ditu bere analisian: kultura horretatik at bizi direnen begirada arrotza, barne liskarrak, elitismoa... aztertzen ditu. Baina, aldi berean, munduan parekorik ez duen ekimen horren handitasuna ere aldarrikatzen du.
Gaur jai eguna da ghettoan. Gaur hasi eta igandera arte, Durangoko Landan elkartuko gara ghettoko biztanleak antzina-antzinako gure ohiturei jarraiki, neguko solstizioaren hala nolako aurrerakin bat ospatzera. Hori dela eta, bertan bizi ez direnek lepoa bihurtu eta arretaz begiratuko dituzte gure dantzak eta jauziak.
Hala, bada, «El Correo Español»ek, ohi duen espainol perfektuan, jaiaren berri emango du orrialderen batean; ETBko bi kateek, Atxagak libururik argitaratu ez arren, albistegiak jaiaren irudiekin zabalduko dituzte; «Diario de Noticias»ek berria emango du, nobedadeen koadro batez lagundua! Eta, egiaztatzen zaila den arren, behin Ser irrati kateko kazetari bat bertan ikusi zutela-eta, miraria berriro errepikatu daitekeela diote optimistenek.
Ez litzateke harritzekoa. Aipatutako guztiek hemen lan egiten dute eta Kultura -barka, Cultura- deitzen duten atalen bat badaukate. Hala ere, asteartean pasatuko da solstizioaren gertutasunak sortutako sukarraldia eta Cultura orrialdeak eta tarteak berriro benetako berriez beteko dira. Ghettora hurbildu diren ausartek berriro paretik alde egingo digute astelehenean eta, Luis Cernudaren bertsoko gerlariek bezala, «Sus dedos entreabiertos / Dicen adiós a nadie / Saben algo quizá ignorado en Durango». Gerlari horiek dakiten eta guk, gure aldeanotasunean, ez dakigun zera horrek bide emango die ghettoko biztanle ikustezinak hurrengo urtera arte agurtzeko. Ez bila gero maiatzean edo irailean Cultura orrialdeetan edota kirolen ostean datozen nahas-mahaseko irudien artean idazle gazte baten lehen liburuaren, itzulpen xume baten, gazte talde batek ekoiztutako disko baten edo poema antologia baten berri. Kulturak kuotak dauzka -zinez estuak euskaraz- eta nekez egingo dute gainezka.
Ez da harritzekoa. Gizartearen eredu beharko lukeen klasea edo kasta da okerrena. EAE deritzogun batzoki erraldoi horren kultur arduradunetako batzuek buelta emango dute Azokatik argazkiren bat lortzeko eta adierazpen batzuk egiteko. Nafarroakoek edo eta Iparraldekoek hori ere ez.
Aipatutako bizkarroiak urtean zehar ez egitearekin aski ez eta, Barrenkalen gora eta behera ibili arren, ez dira inorengana gerturatuko urtea zer moduz joan den galdetzera, hatsaz jotako Euskadi Sariekin zer egin behar duten, musikaren sektorea komentatzen den bezalako krisi batean murgilduta ote dagoen ala benetakoa ote den aipatzen den liburuen tiraden jaitsiera bortitza. Zertarako? Kultura zerbait abstraktua da; haren alde lan egitea bezainbeste, gutxienez. Gaiak kudeaketa inteligente bat besterik ez du behar bozak ematen ez baditu, behintzat kendu ez ditzan. Gainera, beti parean egongo dira -ez dira egongo- arestian aipaturiko Iparraldeko agintariak edo Miguelico korellarra, «Berria»k, «Deia»k, edo borondate oneko edozein euskaltzalek karikaturizatu eta gogoz jipoitu ditzan.
Haatik, inoren laguntzarik gabe ere kazetariek, idazleek, editoreek, kritikoek, saltzaileek... despotismo ilustratuaren jaia ospatuko dugu ghettoan, Voltaireren harridurarako segur asko. Bertara hurbilduko diren lagunei buruz arituko gara bertan ez baleude bezala, gu baino ergelagoak balira bezala. Zer erosi behar duten argi azalduko diegu denon artean; gure sakela liburuak paper-azalezkoak balira bezala salduko dizkiegu; deskonturik ez, otoi!, bero-beroak dakartzagu, inprimategitik atera berriak... eta, kasualitatez, bertaratutakoek gure salmahaien aurrean atzera-aurrera bultzaka ez ibiltzea erabakitzen badute, aurtengoa eskasa izan dela komentatuko dugu gure artean.
Idazleen arteko eszena bat Azoka aurreko egunetan: «Durangotik pasatuko zara?». Galdera inuzentea. Baina, kolpe batez, galdetuaren nazka-sinesgabetasun aurpegiak argi adieraziko dio galdetzaileari gizajo bat dela. Hobe legokeela etxean edo oporretan jendez-jendez!- betetako landa horretan baino.
Hala ere, egon egongo gara. Gure kultur mundu txiki honetako konspiratzaile guztiak bilduko gara bertan, saltzeaz gain -eta saltzeari esker- konspiratzen jarraitzeko: Elkarrekoen hamaika salmahaiak, Txalapartakoen poltsak, Gerediagakoen Olentzero larrugorria, Alberdaniakoen blufa, Susakoen naifa, Ikastolen Elkartekoen merchandisinga... Denok konspiratzaile, dena konspiragai, oro konspiragarri. Monty Pythonen «Life of Brian» film gogoangarrian bezala, argi baitaukagu Judeako Askapenaren Aldeko Frontekook zein Judeako Herri Frontekoek etsaia zein den... Judeako Fronte Popularra!
Judeako Askapenaren Aldeko Frontekoak konspiratzeko zirku erromatarrean elkartzen ziren bezala, Azoka pareko Centro Palentinoan elkartuko gara editoreen elkartekoak zein elkarterik gabeko editoreak; idazle-idazle direnak, idazle-kazetari direnak edo idazle-unibertsitateko irakasle direnak; «Somos» egunkariko kazetari traidoreak eta «New»eko unibertzaleak; idazle eskola ofizialekoak edota idazle eskola r-koak; idazle afiliatuak baja hartu zutenekin batera eta... independienteren bat! (kasu, Ser irrati kateko kazetariaren zurrumurrua bezalakoa izan daiteke azken hau).
Eskerrak Nazareteko Brianen garaietatik hona zibilizazio judu-kristauaren hogei mende joan direla, eta dagoeneko ez daukagula elkarri aurpegira «¡disidentes!» oihukatzeko beharrik.
Zorionez, hauxe guztia munduko kultur azokarik arrakastatsuenean gertatuko da. Hiru milioi biztanle pasatxoko gure herrian, non 800 mila euskal hiztun inguru dauden, biztanleriaren %3 eta euskal hiztunen %12'5 pasatuko da Durangoko Azokatik. Bila dezala irakurleak honelakorik munduan.
Izan ere, gure disidentzia handi eta txikien gainetik, militantziaz elikatzen den berreraikuntza nazionaleko mugimendua daukagu Euskal Herrian, ghettotik ateratzearren edozertarako prest dagoena.
Urtetik urtera eta hamarkadatik hamarkadara -42. Azoka aurten- Andra Mariko arkupeetara, Merkatura, Landako gunera eta, behar izanez gero, baita Anbotoko puntara ere joaten den militantzia nekagaitza. Espainiako Sari Nazionalari bezainbesteko gogoaz, handiagoaz ez bada, kartzelatua izan den, kartzelatzear dagoen ala ihes egin zuen idazleari liburuak erosten dizkiona. eMuleren garaietan euskal diskak erosten jarraitzen duena. Irakurtzeko gai ez den hizkuntza batean liburuak erosten dituena. Gure kulturaren arrakasta txikiak lehen pertsonan bizi dituena. Gure kulturari egiten zaizkion eraso handiak zein txikiak larruan sentitzen dituena. Gure kulturak aurrera egin dezan larrua galtzeko prest dagoena...
Horregatik, Eric Idle handiak aipatu «Life of Brian» filmarentzat konposatu zuen kantak dioen bezala, «Always look on the brigth side of life...» (begiraiozu beti bizitzaren alderdi alaiari, argiari). Alegia, gure Golgota mendi partikularrean gurutziltzaturik egon arren, bizitzaren -Azokaren- alde alaiari begiraiozu beti.