GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elorriarrak eta anoetarrak zoriondu ditu AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu! Elkarlanak igandean Elorrion eta Anoetan egin ziren herri galdeketen emaitzak «positiboak» direla uste du, aurretik beste herri batzuetan egin den bezala, proiektuaren arduradunei mezu argia igorri zaielako: herritarren gehiengoa proiektuaren aurka dagoela. Gogor salatu du ekimen horien aurka egon diren debeku eta presioak, eta herritarren iritzia azaleratzeko eta eztabaida sustatzeko duten beldurraren erakusgarri direla nabarmendu zuen.

p023_f02.jpg

GARA |

Igandean Anoetan eta Elorrion egindako herri galdeketen emaitzak «oso positibotzat» jo zituen atzo AHT Gelditu! Elkarlanak. Horregatik, bi herriotako bizilagunak zoriondu zituen, «Gobernu espainolaren debekuen eta hainbat komunikabideren, eta PNV bezalako eragileen gainetik, parte hartze nabarmena lortu dutelako».

EAEn Gobernu espainolaren ordezkari den Paulino Luesmaren eskutik, Elorrioko Udalak egin asmo zuen herri galdeketa debekatzea gogor salatu zuten, baita «Anoetakoa egiteko izan diren mehatxuak» ere. «Jarrera horrekin, proiektuaren arduradun diren erakundeak herritarrek egitasmoaren inguruan eztabaida piztu eta euren iritzia agertzearen beldur direla agerian geratu da». Elkartearen esanetan, AHT defendatzeko «argumenturik» ez dutela «eta honen izaera inposatzailea» agerian geratu da. Zentzu horretan, esanguratsua dela esan zuen, beste behin ere, proiektuaren arduradun diren erakundeek herri galdeketaren aurretik egin den informazio kanpainan ez parte hartzeko erabakia hartu izana. Horregatik goraipatu zuen bi herrietako bizilagunak izan direla «instituzioek ukatzen digutena eta ekiditen saiatzen direna, praktikan jarri dutenak: egitasmoaren inguruko informazioa zabaltzea eta parte hartzeari zein herritarren erabakiei bide ematea».

Elkarlaneko kideen iritziz, Anoetak eta Elorriok, aurretik Urbinak, Gasteizko Kontzejuek, Itsasondok, Atxondok, Alegiak, Angiozarrek eta Aramaiok ere egin zuten bezala, mezu garbia eta saihesten jarraitu ezin dutena helarazi diete proiektuaren arduradunei: «proiektuaren aurka» daudela. Izan ere, Elorrion, boza eman zutenen %93,34 AHTren aurka agertu zen eta Anoetan gauza bera egin zuen %98,3k.

Halaber, gaineratu zutenez, «Gehiengo sozial eta sindikalak, AHTren proiektua, orain bertan uztea eskatu du; baita ere, gaur egun inolako eztabaidarik gabe inposatzen zaigun garraio ereduaren, lurralde antolaketaren eta gizartearen inguruko eztabaida sozial sakon baten beharra». Aurkakotasun hori erakusten jarrai dadin, hain zuzen, deia egin zuten Elkarlanekoek, heldu den abenduaren 15ean Arrasaten egingo den manifestazioan parte hartzeko, izan ere, «gaur inoiz baino gehiago, proiektu horren inguruko informazioa, parte hartzea eta herri mobilizazioa beharrezkoak» direla uste baitu.

«Gutxi batzuk aberasteko»

Batasunak ere zoriondu egin zituen Anoeta eta Elorrioko herritarrak, izan ere, traba guztien gainetik, «beren kasa antolatuta, bitartekoak ipinita eta parte hartuta, herri galdeketa horretan oinarrizko ariketa demokratikoa gauzatzea lortu dute».

Proiektuaren aurka egin duten bizilagunen ehunekoari helduta, «proiektuaren gainean duten informazioa eta ezagutza handiago den neurrian, herritarren interesa eta iritzia norabide jakin batean kokatzen dela» frogatu dute datuek, Batasunaren iritziz. Informazioaren alorrean proiektuaren arduradunek agertzen duten gabezia nabarmendu eta, halaber, AHTren aurkako jarrera berretsi zuen. «Gutxi batzuen eskutan gero eta aberastasun handiagoa eta gehienon bizkar dagoena da gero eta prekarietate handiagoa metatzen ari den eredu neoliberalaren paradigma», adierazi zuen indar abertzaleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo