«Rockumental» batek jaso ditu Berri Txarrak taldearen hilebeterik bizienak
«Zertarako amestu» dokumentalak Berri Txarrak-en historiako hogeita bost hilebeterik bizienak jaso ditu: «Jaio.Musika.Hil» disko laudatua sortzeko prozesua, haren grabaketa molde berezia, eta hiru kontinentetan zabaldutako (Amerika, Asia, Europa) ondorengo bira erraldoia. Gainera, taldeak Gernikako Astran egindako kontzertu berezitik, zuzeneko hainbat kantu ere gehitu dituzte DVDan. Egitasmoaren aurkezpenak zale ugari batu zituen atzo.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
«Hauxe da taldearen inguruan dagoen irudizko lehenengo dokumentua. Orain arte bots disko grabatu ditugu eta musikan zentratu izan gara, gehienbat, musika taldea garen aldetik. Baina, egia da hamahiru urteren ondoren, eta batez ere `Jaio.Musika.Hil' diskoak eskatu duen prozesu luze horri begira, eta ondoren etorri diren ia 200 kontzertuekin, sentitzen genuela bi urte horiek laburbiltzeko beharra; ordena pixka bat jarri eta jendeari eskaini ahal izatea».
Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsak) taldekidearen hitzak dira horiek, atzo Donostiako Fnac-en egindako aurkezpenean esandakoak. «Hasieratik genuen argi ez genuela zuzeneko DVD bat egin nahi -argitu zuen-; guretzat DVDa formatua baino ez da. Azken finean, hau dokumental bat da, ia 70 minutukoa, eta hasieratik planteatu genuen `rockumental' moduan, hau da, rock dokumental baten moduan».
Horixe da, bada, «Zertarako amestu», 68 minututan taldearen ibilbide oparoko hilabeterik bizienak jasotzen dituena: hirukoaren grabaketa saioak, Kansasen egin nahasketak, kontzertu masiboak eta momentu gogorrak, rockaren inguruko hausnarketak, birako bitxikeriak, Mexikon edo Japonian egindako irrati elkarrizketak, Zürichen Maiatzaren Lehenean bizitako liskarrak... Baita ere, «Jaio.Musika. Hil» (Gor, 2005) diskoarekin zerikusi zuzena izan dutenen testigantzak ere: Karlos Osinaga eta Ed Rose ekoizleak; Rise A-gainst-eko abeslari Tim McIlrath; Gor disketxeko Marino Goñi; Ryan Pope, The Get Up Kids ohia eta Black Lodge Studios-eko arduraduna, esaterako.
«Euskal eszenan berrikuntza moduko bat da hau, rock dokumental askorik, guk dakigula behintzat, ez dago-eta», azaldu zuen Urbizuk. Segidan argitu zuen ez dela DVD soil bat, izan ere, «beste sorkuntza lan bat» baitago egitasmoaren atzean.
Hain zuzen ere, Ibon Antuñano zuzendariak trataera zainduan eta txuri-beltzean eratu du dokumentala, eta Urbizuren narrazioei Jose Luis Otamendi poeta ezagunak jarri die ahotsa. Soinu banda, aldiz, Ernesto Maestrorena da eta ekoizpenaz, oro har, Berri Txarrak zein Gor Diskak arduratu dira.
Egitasmoko zuzendari Antuñano bera ere aurkezpenean egon zen, eta bidean «jende askoren intentzioa eta lana» pilatu dela gogorarazi zuen. Aurkeztu dutena ez dela DVD musikal bat, dokumentala baizik, esan zuen, eta gaineratu zuenez, bertan «emozio puntualak» metatu dituzte. Ideia horretan sakondu zuen Urbizuk ere, dokumentalaren baliorik handiena, ezbairik gabe, alderdi emozionalean bilatu behar dela uste dute-eta guztiek. Izan ere, kamerek taldekideen sentsazioetan jarri baitute begi-puntua, eta beren egoera animikoan sakondu. «Informatzailetik gutxi du. Lorpen eta momentu onez gain, une txar eta gogorrak ere egon dira, eta horiek ere agertu dira. Hau ez da Berri-ren inguruko DVDa, rock talde batean, edozeinetan, egoteak zer ematen duen aditzera islatzen du dokumentalak».
Zuzenekoen indarraren lekuko
Bestalde, «estra moduan» eskaini dute Lekunberrikoek beren zuzenekoaren indarra neurtzeko balio dezakeena ere. Bira entzutetsuaren azken emanaldia Gernikako Astran egin zuten eta, nolabait, 25 hilabeteren buruan ere, kantek oraindik gorde zuten «pertsonalitatea» agertu nahi izan dutela esan zuen atzo Aitor Goikoetxeak (bateria).
Hitzordu berezia izan zen hura, «bi ordu eta piku kontzertu luze eta gogorrean»; taldeak antzeslekurik ez jartzeko eskatu zuen eta, hortaz, zoruan bertan aritu ziren, behingoz, zaletuen artean murgilduta jotzen.
Gorka Urbizuk, Aitor Goikoetxeak eta Mikel Lopez, Rubio-k, osatzen duten hirukotearen zale andana bildu zen atzoko aurkezpenera, aretoa txiki geratzeraino. 68 minutuko dokumentala eta 45eko zuzenekoa bildu dituzte, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Etorkizunean pantaila handira eramateko aukera ere ez dute baztertu.