«Ad vascones» legedia
Zuzenbidearen alorrean bekatu ugari daude, baina horien artean ad hoc egindako legeak dira bekaturik larrienetakoak. Ad hoc latinezko adierak zerbaitetarako edo norbaitentzat espreski egindakoa esan nahi du. Pertsonak, kolektiboak, komunitateak... esparru jakin baten barruan, legearen azpian erortzen direnetatik batzuei soilik aplikatzen zaien legeari esaten zaio honela.
Testuinguru honetan, zuzenbideak exijitzen duen orokortasun printzipioa hausten da. Lege neurriek esanahi eta ondorio berriak ekartzen dituzte, neurri horien jomuga den pertsonaren araberakoak. Orokorrean hitz eginez, zertarako dago atxiloketa garaia? Orokorrean -munduan, alegia- ikerketa poliziala osatzeko. Zertarako dago euskaldunen kasuan? Ikerketa saihesteko, akusatuak dituen oinarrizko defentsa mekanismoak hausteko. Era berean, galde liteke zertarako dagoen behin-behineko kartzelatzea edo behin-behineko askatasuna. Azken asteko gertaerek -asteburuko 18/98ko atxiloketak, atzoko donostiarren atxiloketak eta era guztietako estradizioak- argi uzten dute orokortasun printzipioa hautsi egiten dela euskaldunen kasuan. Euskal herritar askok adituen pare hitz egin dezakete errekurtsoei, behin-behineko neurriei, epe legalei edo fidantzei buruz. Beraiek edo gertuko norbaitek esperimentu juridiko horietako bat bizi izan duelako.
Euskal Herriari dagokionez bereziki, Estatu espainolean salbuespena arau bihurtu da. Inork azaldu ezin ditzakeen epai eta neurriekin esnatzen gara egunero. Komunikabideak justiziaren politizazioaz mintzo dira, alde bateko eta besteko epaileek alderdiengandik jasaten dituzten eta alderdiei eragiten dizkieten presioak azaltzeko. Baina, egiazki, justiziaren «etnifikazioaz» hitz egin beharko lukete. Legedi «antiterrorista», «Parot doktrina», Alderdien Legea, Haika-Segi kasua... ez dira soilik ad hoc egindako legeak, baizik eta ad vascones egindakoak. Horregatik, zain egon arren, 18/98aren sententziak nekez argitu diezaioke ezer honezkero gauzak argi ikusten ez dituenari. Ez baitago itsu. Ez du ikusi nahi.