GARA > Idatzia > Ekonomia

Dassault hegazkin eraikitzaileak produkzioa lekualdatzeko asmoa du

Hegazkin eraikitzaile handienetakoak produkzioaren zati bat lekualdatzeko asmoa agertu du. Dassault-Aviationek Biarritzen duen lantegiko 1.000 langileak eta beretzat lan egiten duten hainbat enpresa biziki kezkatu ditu berriak. Gaur izango den bileraren zain daude.

GARA|

«Le Monde» egunkariaren bitartez jakin berri dute langileek eta sindikatuek Dassault Avation taldeak hegazkinen produkzioaren zati bat «dolarretan funtzionatzen duten edota kostu txikietako eremuetara» eramateko asmoa duela.

Lekualdaketak Falcon hegazkin komertzialen -eta ez hegazkin militarren- fabrikazioari eragingo lioke batez ere, taldeko bozeramaile batek zehaztu duenez. «Neurri horiek beraz, ez liekete Estatu frantsesean dauden bulego teknikoei eta muntaia-kateei eragingo» Jean-Baptiste Etcheto Ipar euskal Herriko CFDTko buruaren esanetan.

Alta, Biarritzen dagoen lantegian kezka nagusitu da. Mila langile inguru dituen Lapurdiko fabrikan Falcon hegazkinen muntaia-kate bat dago. Jardueraren bi herenak hegazkin horren eraikuntzarekin loturik daude, baina, bada hegazkin militarrekin zerikusia duenik ere.

Berriak biziki arranguratu ditu sindikatuak. Hasteko, haserrea azaldu dute prentsaren bidez jakin behar izanagatik eta gaur goizean bertan, zuzendaritzak sindikatuen ordezkariekin Saint-Clouden izango duen bilerari so daude.

Taldeko lantegiez gain, azpi-kontratuak dituzten edota Dassaulten produkzioaren inguruan lan egiten duten enpresa asko daude, eta horiek ere erabakiaren ondorioak pairatuko lituzkete.

Plana 2008ko hasieran

Dolarraren eta euroaren arteko balioaren gorabeherak direla medio, Charles Edelstenne Dassault Aviationeko zuzendari orokorra udan hasi zen lekualdaztearen aukera aipatzen, baina joan den asteburuan iragarri zuen 2008.urte hasieran jarduera batzuk lekuz aldatzeko plan bat aurkeztuko duela .

DOLARRA

Falcon hegazkinak eraikitzeko eskabide orriak bete-beteak daude. 2007ko lehen sei hilabeteetan, iaz tarte berean izan zituzten emaitzak %46 emendatu dira. Baina Dassaultek dolarraren gorabeheretan oinarritzen du erabakia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo