Txikienek ere letren doinuaz gozatuko dute
Asko dira aurten ere Durangoko Azokan eskainiko diren liburuak eta diskak. Kolore eta gustu guztientzako gutiziak erakusgai, alegia. Bakoitzak bere txokoa topatzea besterik ez dago. Umeak zorionekoak horri dagokienez; beraiei eskainita, Gerediaga eta Berbaro Elkarteek, aurten ere, Haurren Literatur Aretoa prestatu baitute eta zabalik egongo da gaurtik igandera bitartera.
Josune VELEZ DE MENDIZABAL
Edizio berri bati helduz, Durangoko Liburu eta Disko Azoka gaur hasi eta abenduaren 9ra bitartean zabalik egongo da. Etxola berezia prestatu dute Gerediaga eta Berbaro elkarteek irakurzaletasuna ondorengo belaunaldietan bermatzeko. Umeak dira, bereziki, protagonista. Horregatik, Azokak 180 metro kuadroko espazioa eskainiko die, irakurketaren bidez fantasiazko mundu erakargarri bat aurkezteko.
Gaurko egunari hasiera emango zaio goizeko 10.45ean abiatuko den liburuen arteko ginkana batez. Irakurketa librerako gunea prest izango da, ordu horretatik arratsaldeko 19.45ak arte. Hor tartean, gainera, egitarauak badu zer eskainia ugari. Hala nola, eskulanen lantegia, konposizio artistikoetarako, (goizeko zein arratsaldeko ordutegian) eta Miren Agur Meaberen bisita (18;00etan) bere «Urtebete itsasargian» liburuaren harira.
Olentzeroren bisita Durangon
Txikienek egunero aurkituko dute eurentzat bereziki antolaturiko egitarau oparoa. Goizeko zein arratsaldeko ordutegiz programatuta dauden ekintzak egongo dira Etxolan. Nabarmentzekoak dira Ixabel Millet ipuin kontalariak bihar 11.45etik aurrera narratuko duen «Martin Txiki eta Marizikin» ipuina, edota arratsaldez artista berak kontatuko duen «Kanturik gabeko herria» herri ipuina (16.30ean). Ostiralean ordu berean arituko dira, halaber, Anntton Kazabon, Alaitz Muro eta Agurtzane Villate. Larunbatean, berriz, eskulanen lantegiez gain, abesteko ordua ere iritsiko da etxolara, arratsaldeko 16.30etik aurrera Euskal Karaokea egingo baita. Igandean, Asier Ladron de Gebararen magiak eta Goizane Azpiriren ipuinek agurtuko dute egitaraua, Azokaren azken eguna izateak hala eskatuta.
Gabonak halako gertu izanik, Olentzerok ez du huts egin nahi izan eta Azokatik bueltatxo bat emango du. Horra hor, ikazkina, abenduaren 9an mendietatik jeitsi eta karpara abiatuko dela, zer eta umeek idatzitako postalak jasotzeko. Bertako eraskutokietan gustuko izan dituzten ipuinen edo diskoen zerrenda utzi, eta zozketa baten bidez irabazle suertatzen denak hori dena jasoko du bere etxean. Aldez aurretik etorriko da, bada, gure Olentzero aurten!.
Argitaletxeek aspaldian egin zuten txikien artean irakurlezaletasuna bultzatzearen alde. Gauzak horrela, literatura garai batean eskolako «etxekolana» bazen ere, egun haurrak gogotsu aritzen dira ipuin eta liburuen arteko saltsan. Ez da gutxiagorako ere, aurten azokan erakusgai dauden lanei erreparatuz gero. Pailazoak dira haurrak literaturara erakartzeko bide dibertigarrienetako bat. Hala, Pirritx eta Porrotx Pailazo Taldearen azken proiektuak «Eskerrik asko!» du izenburutzat, eta 18 kanten eta beste hainbat ipuintxoen bitartez, umeei taburik gabe minbiziaren errealitatea azaltzen saiatu dira, naturaltasunez, itxaropenez eta alaitasunez irakatsi nahian. Tabuei uko eginez, baita ere, beti bezala, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo ezagunek orain arte egin dituzten lau diskoak («Gure abestiak», «Barre egin», «Pailazo» eta «Eguberri on») berrargitaratu egin dituzte Durangoko hitzordurako.
Ikastea eta dibertitzea dena bat
Elhuyar Fundazioak ikastea jostagarria eta entretenigarria dela oso argi erakutsiko du aurten ere. Argitara eman dituen liburuen artean, bi dira esandako horrekin argi eta garbi bat datozenak. «Armix baso magikoan» lana gazteontzako bideo joko didaktikoa da, non matematika, inguruaren ezaguera eta euskara ardatz hartuta egindako galdera zehatz batek abentura magiko batera bideratuko duen erabiltzailea. Fundazioak «Kao: Sumendiko sekretua» izeneko 3D teknologia erabiltzen duen aisialdirako CD-ROMa ere euskaratu du.
Azpiegiturek eta hirigintzako planek ingurumenean eragindako kalteaz jabetzea du xede Gari Berasaluzek idatzi eta Txalapartak argitaratu duen haurrentzako «Elurra ezin da erosi» lanak. Erein argitaletxeren eskutik datoz beste hainbat liburu, «Basotxoren abenturak», besteak beste, edota Juan Kruz Igerabideren «Bagdadeko aurpegiak». Musikaren alorrean, Elkarrek Euskal Herriko kantutegi herrikoiari heldu dio. Hainbat ahots eta estilo uztartu dituen «Olentzero: Gabonak Gabon» diskoa umeentzat nahiz nagusientzat erreferentzia ugariz beterik dago. Bada, bitxienen artean, 0-6 urte bitarteko urtekoei zuzenduriko liburu-diskoa. «Bularretik mintzora» egiteko psikoanalisiaren teoriari jarraitu zaio: ipuinek eragin handia dute umeen oinarrizko irriketan. Ehundaka dira umeei zuzenduriko lanak, irakurtzeko ipuinak, kantatzeko diskoak edota biak batera uztartzen dituzten egitasmoak; Durangon egongo denaren berri, zehatzago, Euskarazko Produktuen Katalogoan azter daiteke.