«`Zergatik dago osaba Patxi kartzelan?' eta hor dator helduen erantzuna»
Sei eta zortzi urte bitarteko umeei zuzendutako ipuina idatzi berri du Imanol Azkuek. «Osaba Patxiren koadernoa» liburuxka Zumaiako Inpernupeko Elkarteak argitaratu du eta bertan kartzelaren gaia, tabuak atzean utzita, aurkezten zaie txikienei
«Topasetik bisita eginda nentorrela, Gaztelako autobidean gidatzen, ideia etorri zitzaidan bat-batean burura: osaba Patxik koadernoa oparituko zion Oihana ilobari, egunerokoa idazteko, eta eguneroko hori izango zen kontakizunaren haria», azaldu du Imanol Azkue idazleak. Txiki Agirre ilustrazioetan eta Roberto Gutierrez diseinuan lagun izan ditu zumaiarrak haurrentzako ipuin honetan.
«Hiruron proiektua bilakatu zen segituan», aitortu du Imanol Azkuek. Txikienei zuzenduta dagoen arren, koaderno itxurako ipuin apurtzaileak helduen parte hartzea nonbait ere ekartzen du. Izan ere, zenbait umerentzat kartzela kontzeptu berri bat izan daiteke eta gurasoek prest egon behar dute zenbait galderari erantzuna emateko.
Lehen begiratuan irakurterraza eta laburra, baina hor nonbait ipuinak badu azaletik haratagoko mamia. Izan ere, umeei kartzela aurkezten die. Zentzu didaktikorik bai?
Koadernoa sinplea da, laburra eta ulerterraza. Ipuinaren barruan istorio laburrak azaltzen dira eta horietako bakoitzarekin ere erraz egin daiteke beste kontakizun bat, umeen eguneroko horri buruz badagoelako zer kontatua. Kartzela agertzearekin, zentzu didaktikorik ez dugu bilatu. Gehiago izan da errealitate bat agerian uztea edo bistaratzea. Neurri batean, kartzelaren gaia tabua da umeentzat, ezkutatu egiten diegu, baina batzuek naturaltasunez bizi dute, osaba edo izeba bat daukatelako kartzelan, edota aldian behin gurasoak lagunen bat bisitatzera joaten direlako. Baina gaia bera ez da baloratzen. Ipuinean, kartzela hor dago, eta Oihanak normaltasunez bizi du noizean behin autoa hartu eta osaba bisitatzera joatea.
Gaia ez da ohikoa umeen literaturan. Zein izan da umeen erreakzioa?
Lehenengo orria irakurri ondoren, askoren galdera da «Eta zergatik dago kartzelan osaba Patxi?», eta hor sartzen da gurasoen edo helduen erantzuna, kartzelaz bakoitzak duen ikuspegia azaltzea, zer den eta zertarako den kartzela; agian batzuek erantzungo dute «gaizkilea delako»; beste batzuek, berriz, erantzungo dute lapurrik handienak kalean libre dabiltzala; beste batzuek esango dute makina bat pertsona zintzo eta on dagoela kartzelan sartuta, eta ikusi besterik ez dago 18/98ko lagunekin gertatu berri dena. Nahi izanez gero, ipuinean atea zabaltzen da «onaz» eta «txarraz» hitz egiteko. Umeak ez dira ergelak, eta beraien logikarekin gauza asko guk uste baino hobeto ulertzen dituzte.
Istorio zirkularra da «Osaba Patxiren koadernoa»; kartzelan hasi eta kartzelan bukatzen dena, alegia. Hausnarketarako tartea eskaintzen du, hala al da?
Kartzela hor dago, bai, hasieran eta bukaeran, presente, eta Oihanak idazten duena ere osabari begira idazten du, harentzat. Baina ipuinaren ardatza batez ere egunerokoa da, zer egiten duen normalean Oihanak: amarekin erosketak egitera joan, osaba Mikelen baserrira, litxarreriak erosi... Gauza arruntak egiten ditu, beste edozein umek bezala, baina eguneroko istorio horiek bereziak dira, normalak baina aldi berean espezialak.
Ipuinak irakurleari bere nahiak idazteko eta marrazteko aukera ematen dio. Osaba Patxik Oihanari koadernoa oparitzen dionean bezala... harritu zaituen irudirik aurkitu al duzu orain arte?
Oraindik ez. Egia esan, gehiago tokatu izan zait koadernoetan eskaintzak idaztea, haurrekin koadernoa lantzea baino. Hori bai, batzuetan, umea aurrealdean dela, eskaintza idazteko astirik ere ez dute ematen: koadernoko orri zuriak ikusiz gero, eskuetatik kentzen dizute koadernoa, eta errotuladoreak eskuan hartuta, esaten dizute uzteko beraiei, marraztu egin behar dutela eta.
Koadernoa umeek gogoetak, egunerokoak, memoria... asimilatzeko, gogoratzeko edota mantentzeko tresnatzat uler al zitekeen?
Bai, neurri handi batean bai. Koadernoa marrazteko edo idazteko gonbidapena da. Orri bakoitzaren amaieran, Oihanak esaldi batean laburbiltzen du gertatutakoa, eta antzeko zerbait egitera gonbidatu nahi ditugu irakurleak. Idatzi nahi duenak, idatzi; marraztu nahi duenak, marraztu. Eta koaderno honen orri zuriak bukatutakoan, eskatu beste koaderno bat gurasoei, eta jarraitu idazten edo marrazten.