GARA > Idatzia > Saskibaloia

Hondarribia-Irun

Europan bilatu behar ligan aurkitu ezin den joko ona

Rhondda Rebels ahularen kantxan jokatu behar dute Txakartegirenek Eurokopako egoera ona sendotzeko

p043_f01_097x171.jpg

GARA | HONDARRIBIA

Ezin du inolaz ere Hondarribia-Irunek joko onik atera! Saiatzen dira, bada, Jon Txakartegirenak, baina erasoko joko eskasa dela, errotazioak eskaintzen duen maila onegia ez dela, bolada txarretik atera ezinda jarraitzen dute gipuzkoarrek. Cras Tarantoren aurka eskuratutako emaitza onak arnas apur hartzen utzi zien, baina Celta Vigourbanen aurkako porrotak, azkeneko laurdenean bost puntu eskas besterik ez zituztenean gainera, hondarribiarren krisia bere horretan utzi zuen.

Emakumeen Ligari begiratzeak ez du orain balio. Aurreneko lauetan sartzea helburu duen taldea hamargarren ikustea ez da ohikoa, baina gaur arratsaldeko 19.30etik aurrera Eurokopako neurketa dute Txakartegirenek, eta hor bilatu beharko dute inondik ere joko on hori.

Aurkaria ere egokia da berez, Galesko Rhondda Rebels ahularen kantxan jokatu behar baitute hondarribiarrek. Dena den, dirudiena baina garrantzi handiagoa du gaur arratsaldeko partidak. Erraz irabazi behar lukete hondarribiarrek, logikak hala dio bederen, Galesko taldea baita multzoko ahulena. Hondartza pabilioian duela hiru aste 77-43 atera ziren garaile euskaldunak. Garaipena sekula ez zen arriskuan egon, eta neurketako azken minutuetan Mallabiabarrena eta Todorova gazteek ere izan zuten minuturik.

Alabaina, lehenengo bi laurdenetan ez zen harrokeriarik izan. Hondarribiarrek oso joko eskasa egin zuten aurreneko hogei minutuetan, eta atsedenaldira 28-25eko emaitza eskasaz iritsi ziren. Beraz, argi ibili beharko dute Txingudiko badiakoek, ustekabean galduko balute aurreneko fasea gainditzeko Challes Les Eauxen aurkako azken neurketa derrigorrez irabazi beharra izango luketelako.

Rhondda Rebels garaituta aldiz, gauzak asko erraztuko litzaizkioke talde gipuzkoarrari, Cras Tarantorekiko averagea ere bere alde baitu.

Txakartegi haserre

Esan bezala, asko hobetu beharrean da Hondarribia-Irun. «Irregulartasuna» eta «taldean ez jokatzea» dira Jon Txakartegik ikusten dituen arazorik handienak. «Partida oso bat egitea falta zaigu», aitortu zion egunkari honi hondarribiarren entrenatzaileak elkarrizketa batean. Pazientzia agortzen ari zaio, ordea, «Txakarri» berari ere. Ohi ez bezala, haserre mintzo zen Vigon galdu ostean.

«Anbiziorik gabe, gogorik gabe aritu ginen, eta horrela ezin da neurketarik irabazi. Zenbait neurketatan guztia ematen dugu, baina ez da nahikoa, denetan eman behar baita guztia. Dinamika txarrean gaude eta ez dugu gure hankasartzeetatik ikasten».

Gaur arratsaldean dauka jokoa hobetzen hasteko aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo