Ziklokrosa Nazioartekoa
Nysek beste erakustaldi bat emango du bihar Asteasun
Heule, Van der Linden, Page eta Simunek goi mailakoak izango ditu aurkariak
Unai IRARAGORRI | BILBO
Asteasuko ziklokrosak maila goreneko emanaldia eskainiko du bihar, Sven Nys ere lehian sartuta. Igorreko Munduko Koparen ostean, Euskal Herriko zaleek bigarren aukera izango dute gozatzeko. Nazioarteko lasterlariek parte hartuko dute eta, besteak beste, Christian Heule suitzarra, Wesley van der Linden flandiarra, Jonathan Page estatubatuarra eta Radomir Simunek txekiarra, arituko dira lokatzean. Euskal Telebistak zuzenean emango du saioa, bihar 12.30etik aurrera.
Azken urteetan gora egin du lasterketak eta 2003tik, atzerritarrak nabarmendu dira, esaterako, Vervecken, Van der Linden -2004an eta 2005ean irabazi zuena- edota Heule, iazko garailea. Seco euskalduna da, ordea, garaipen gehien erdietsi duena: lau guztira. Busturiarra goren mailara iritsi zen, duela lau urte, Verveckeni berari irabazita.
Bederetzigarren ekitaldian Aitzondo Txirrindulari Elkarteak beste urrats bat eman du: munduko onena, Nys handia, irteeran egongo da bihar. Antza, flandriarrak berak eskatu zuen Asteasun lehiatzea. Antolatzaileek berehala ekin zioten lanari, izarraren ikuskizunaz eztitzeko. Ezin hobeto helduko da Nys, Igorren irabazi egin zuela, Moureyrek izandako matxuragatik.
Nolanahi ere, antolatzaileak ez dira harekin itsutu eta goi mailako beste multzo bat ere arituko da lokatz arteko lehian: Heule, hiru aldiz Suitzako txapeldun-, Vantourenhout flandriarra -munduko txapeldun, 23 urtetik beherakoetan-, Page estatubatuarra -egun, munduko txapeldunordea-, Van der Linden, eta Simunek eta Ausbuher txekiarrak.
Hortaz, Seco bizkaitarrak inoiz baino zailtasun handiagoa izango du garaipena lortzeko. Igorren ere ez zuen maila onena eman. Yus, berriz, sasoiko dabil eta, matxurarik ez badu, aurrenekoetan sartzen saiatuko da.
Ibilbideak 2.610 metro izango ditu, orotara; 423 metro errepidean, 187 bidean eta 2.000 zelaian barrena.