Eibarko Astelena pilotalekuan
Elkoro txalo artean agurtu da
Atzelari gipuzkoarrak garaipen batekin amaitu du bere ibilbidea gorengo mailan. Partida, hobe ahaztea.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Aitor Elkorok txalo artean eta begiak malkoz bustita esan zion agur lehen mailako pilota profesionalari. Elgetakoak, gainera, garaipena lortu zuen bere azken partidan (22-20), nahiz eta neurketa nahiko eskasa izan zen. 1992ko urriaren 5ean debutatu eta gorengo mailan 15 bat urtez aritu ostean, aurrerantzean, atzelari gipuzkoarra prest da bigarren mailako enpresaren batean pilotan jokatzen segitzeko. Hala ere, eta berak onartu zuen moduan, «egunero bezala, bihar goizean lanera joatea izango da nire lehenengo eginbeharra».
Egia esan, Elkorok ez zuen zorte handirik izan agur esateko partida horretan. Irujo oso trakets ibili zen hasieran eta dozena bat pilota oso argi galdu zituen. Aurkarien aldetik ere, aipatu beharra dago Eulate oso baldar aritu zela, pilota errazak galduz. Partidari Elkoro berak eutsi zion tanto askotan eta azken txanpan, Irujok eta Olazabalek egindako jokaldiek eman zioten emozio apur bat lehiari. Garaipen batekin agur esatea izan zen onena atzelariarentzat.
Partida nagusia amaitutakoan, omenaldi xume bat jaso zuen Aitor Elkorok. Jokin Etxanizek oroigarri bat oparitu zion eta Fernando Bidartek ere pilotaria besarkatu nahi izan zuen. Elkorok berak ere, banan-banan agurtu zituen atzoko jaialdian parte hartu zuten gainontzeko hamaika pilotariak.
Eibar
Del Rey-Nalda III 21 / Cabrerizo-Laskurain 22; Irujo-Elkoro 22 / Olazabal-Eulate 20; Galarza V-Merino I 15 / Uriarte-Arruti 18.
Donibane Garazi
Ezkurra II 40 / Sorhuet 34; Ozafrain 40 / Kurutxari 19.
Galarreta
Etxeberria IV-Etxezabal 35 / Zulaika-Martinez I 33; Altuna II-Iriarte 40 / Bitoria-Etxeberria III 32; Bereziartua-Agirrezabala 39 / Sarasua-Ion 40; Ibarzabal-Urko 20 / Zalakain-Gaztelu 30.
Eulate
Gorriti 2 / Larramendi 0 (10-6 eta 10-7); Mikel-Zabala 1 / Antxia-Elola 2 (10-3, 9-10 eta 1-5).
Ororbia
Altuna 0 / Urdaniz 2 (9-10 eta 7-10); Bengoetxea VII 1 / Aritz Lasa 2 (10-7 eta 8-10).
Cabanillas
Foronda-Israel 25 / Goixerri-Alonso 21; Konpa-Endika 35 / Txelis-J. Arriaga 27.
Azkoitia
Perez-Olalde 17 / Elezkano-Beroiz 22; Ollo-Arraztoa 10 / Renobales-Garmendia 22.
Tolosa (16.30)
Esain-Eskudero / Arbizu-Apraiz; Koka-Patxi Ruiz / Olaizola I-Zearra; Chafee-Peñagarikano / Leiza-Mendizabal II.
Donibane Garazi (16.00)
Bielle-Hegiabehere / Etxeberri-Lazkano.
22
20