Paul Bilbao, Lutxo Egia (*) Euskal PENen izenean
«Egin»eko kazetarien atxiloketaren gaitzespena
Ez dugu inolaz ere ontzat ematen ideien adierazpena egintza kriminala denik; ez dugu bidezko ikusten delitu zantzurik egon gabe egunkariak ixtea, pertsonek delitua egitekotan ere (ez da kasua, baina!)
Lehenengoz 2004ko irailean, Tromso hiri- an (Norvegian), ondoren 2005eko ekainean, Bled-en (Eslovenia), eta 2006ko «Writers in Prison Committee, Half-Yearly Caselist» txostenean ere, luze eta zabal jaso du International PENek egunkari, Euskal Herriko irrati eta aldizkarien itxieraren afera.
«Euskaldunon Egunkaria», «Egin» egunkaria eta irratia, eta «Ardi Beltza» aldizkariaren kasuak aztertu eta salatu ditu International PENek 70. eta 71. kongresuetan, eta bi aldiz bereganatu dute 300 ordezkarien eta 140 taldeen babesa.
Munduan zehar burutzen diren bidegabekeriak ikusirik eta kontuan hartuta Euskal Herria geografikoki Europar Batasunaren bihotzean kokatuta dagoela, lanak izan genituen azaltzeko Europan ere egunkariak ixten direla, zazpi urtez itxita egon daitezkeela epaiketarik egin gabe, egintzak baino areago ideiak kriminalizatzen direla eta kazetaria talde terrorista baten kide izan daitekeela berak jakin ere ez dakiela. Azaldu genuen, epaileen irizpideen arabera, krimen kolektiboak burutu daitezkeela kriminal bakoitzaren partaidetza ziurtatu gabe, egunkari bateko langile guztiak kolaboratzaile bihur daitezkeela zerekin (edo norekin) kolaboratu duten jakin barik eta, ezjakinak izanik ere, urte askotako zigorra egotz diezaieketela. Eta, harrigaria bada ere, azaldu genuen nahikoa dela eguraldiaren mapa talde «terroristen» mapa politikoarekin bat etortzea, mapagileak ere terroristatzat hartuak izan daitezen.
International PEN taldeak, 2004tik hona onarturiko erabakietan, bere ardura azaldu du behin baino gehiagotan. Eslovenian argitara eman zuen ebazpena argia da eta bertan zeuden talde guztiek aho batez onartu zuten.
Orain, azkenean, epaia burutu da eta ikusi ahal izan dugu errealitatea larriagoa dela aurreikusitakoa baino: ezarri diren zigorrak ez dira fiskalak eskatutakoak, are handiagoak baizik; ebazpena atera baino egun batzuk lehenago atxilotu dituzte epaitutakoak, eta ez da egin zitazio baten bidez, baizik eta poliziak, aurpegiak estalita, banan-banan joan dira bakoitzaren etxera.
Lanak izan bagenituen ere egoera hori guztia azaltzeko -non eta adierazpen askatasun eza zer den hobekienik dakien taldeetariko batean, International PENen hain zuzen-, orain ez dakiguna da nola azaldu fiskalak eskatu zuela 7 urteko zigorra Jabier Salutregirentzat eta epaileak 12 urte ezarri dizkiola, eta Teresa Todaren kasuan, 7 urte nahikoa zigor iruditu ez, eta 10 urtekoa ezarri diola; egunkari bateko zuzendariari eta zuzendariordeari. Ez da frogatu krimenik egin dutenik, ez da agerian jarri legearen aurka jokatu dutenik. Une honetan dakigunagatik, bi kazetarion bekatua ETAren helburu politiko bera edukitzea omen da. Epailearen ustez, ordea, dena da ETA, aurkakorik frogatzen ez den bitartean.
Eslovenian mundu osoko idazleek adierazi legez, guk ere esan nahi dugu prozesu hau adierazpen askatasunaren aurkako atentatu nabarmena dela. Esan nahi dugu ez dugula inolaz ere ontzat ematen ideien adierazpena egintza kriminala denik; ez dugu bidezko ikusten egunkariak ixtea delitu zantzurik egon gabe, pertsonek delitua egitekotan ere (ez da kasua, baina!) komunikabideek ezin baitute pairatu aurreneurrizko zigorrik eta egunkari bat ixtea behin betiko zigorra ezartzea da, epaia bera burutu aurretik.
Azkenik, altu eta ozen esan nahi dugu Jabier Salutregi eta Teresa Toda terroristak ez direnaren erabateko ziurtasuna dugula, beren lana kazetaritzaren eta euskalgintzaren aldekoa izan dela eta ez ditugula kartzelan ikusi nahi, ez eurak ezta susmopeko epaiketaren ondorioz kartzelaturik dauden beste kideak ere.
Teresa Toda, bestalde, gure kidea da, PENkidea alegia, eta Euskal PEN 2004an birsortu zen unetik, Teresa Toda zuzendaritza batzordeko kide da. Urte hauetan guztietan etengabe jardun du adierazpen askatasunaren alde gu guztiokin batera.
(*) Artikulu hau Asel Luzarragak, Laura Mintegik, Paddy Rekaldek, Asier Serranok, Joseba Tobar-Arbuluk eta Urtzi Urrutikoetxeak ere sinatzen dute