Ehun eguneko balantze errepresiboa, gabezia demokratikoaren erakusgarri
Euskal Herrian, Europar Batasuneko bi estaturen mende dagoen herrian, alegia, irailaren 1etik 165 herritar atxilotu dituzte. Haietatik 30 inguruk tratu txarrak salatu dituzte; indar armatuek hamabost herri-mobilizaziori eraso diete; hainbat euskal presori zigorra luzatu diete; ohikoak izan dira euskal presoen senideen eta lagunen auto istripuak kartzela urrunetarako bidean. Kartzeletan bakartze neurriak erruz erabiltzen jarraitu dute, eta herritarrak atxilotutakoan, berriz, inkomunikazioa sistematikoa da. Hori da azken hileetako balantze errepresibo ikaragarria. Azken atala, Gorka Lupiañez durangarraren atxiloketa. Atzo, bost eguneko inkomunikazioaren ostean, Auzitegi Nazionalean agerrarazi zuten konfiantzako abokaturik gabe, eta epaileak inkomunikazio egoeran kartzelatzeko agindu zuen. Gazteak guardia zibilek eragindako tratu txarrak salatu zituen. Agintariek behin eta berriz ukatzen dituzte, baina inkomunikazioa tresna gisa erabiltzen duten bitartean, tratu txarren salaketak sinesgarriak izango dira eta hura baimentzen eta sustatzen dutenek, berriz, gabezia demokratikoa baino ez dute erakusten. Ezikusiarena egin daiteke, baina horrek ez du errealitate latz hori aldatuko.