Pertsonalitate anitzek babesa eskaini diote autonomiaren aldeko manifestazioari
Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa bilduko dituen autonomia aldarrikatzeko larunbatean egingo den manifestazioak laurogei bat pertsona ezagunen babesa jaso du. Segik ere parte hartzeko deia egin du.
GARA |
Larunbatean Baionako karriketan barrena autonomiaren alde egingo den manifestaldia atxikimenduak biltzen ari da. Berrikitan, mundu abertzaleko 80 pertsonalitatek bat egin dute deialdiarekin.
Babesa eman diotenen artean, Sustrai Kolina eta Amets Arzallus bertsolariak, edota Anje Duhalde eta Eneko Labegueire abeslariak daude. Politika munduko aurpegi ezagunak ere bat egin dute manifestazioarekin. Horien artean, ezker abertzaleko militante ezagunak diren Haizpea Abrisketa, Xabi Larralde, Koldo Gorostiaga, Floren Aoiz edota Tasio Erkizia, baita EAko Mattin Etxepare, Manex Pagola eta Onintza Lasa ere.
Lutxi Oxandabaratzek eta Ixabel Etxeberriak, hautetsiak eta Udalbiltzako kideak, Askatasunako eledun Anaiz Funosasek, Irene Ithursarry eta Malvina Rekalde irakasleek, edota Annie Puyo abokatuak ere babestu dute larunbateko manifestaldia. Era berean, Batitta Amestoy, Grazi Etxebehere, Panpi Lascaray edota Jean-Do Iriart zuberoarra ere atxikitu dira hitzordura.
Arratsaldeko 16.00etan Euskaldunen enparantzatik abiatuko da martxa. Antolatzaileak euren burua «politika esparru desberdinetako abertzale»tzat aurkeztu zuten eta hitzorduaren xedea, Nicolas Sarkozyren Gobernuari «Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoaren aitorpen instituzionala» galdegitea dela adierazi zuten.
Segi gazte erakundeak ere bat egin du autonomiaren aldeko manifestazioarekin eta gazteria bertan parte hartzera gomitatu du. Haren ustez, Euskal Herriak herri den heinean bizirauteko «tresna eraginkorrak» behar ditu. Euskal Herriak bere nortasuna ezagutua izan dadin urteak borrokan eman dituela gogorarazi eta nortasun hori «berezko esparru politiko instituzional» baten bidez gauzatu behar dela defendatu du Segik. Esparru hori gainera, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa bilduko duen autonomia da, haren aburuz.
Era beran, hiru herrialde horiei begira Estatu frantsesak eratutako tresnak gogor kritikatu zituzten, ``Pays basque 2010 et 2020'' adibidetzat jarriz. Tresna horiek guztiak, gizartearen aldarrikapenak «isilarazteko eta desagerrarazteko» sortu zirela deritzo Segik.