GARA > Idatzia > Saskibaloia

Emakumeen eurokopa

Urteko aurreneko finala izango da Hondartzan

p046_f01_088x091.jpg

GARA | HONDARRIBIA

Aurreneko faseko azkeneko jardunaldia jokatuko du gaur gaueko 20.00etatik aurrera Hondarribia-Irunek eta, ohiko topikoak behingoagatik betez, benetako finala izango da talde hondarrbiarrarentzat. Jon Txakartegik zuzenduriko taldeak Challes Les Eauxi irabazi beharko dio, Emakumeen Eurokopan aurrera egingo badu.

Egun, Hondarribia-Irun eta Challes Les Eaux hiruna garaipenekin berdinduta daude, J multzoko bigarren eta hirugarren lekuan, garaipen bat gehiago eskuratuta, aurreneko lekuan dagoen Italiako Cras Taranto taldearen atzetik. Italiarrek Rhondda Rebels ahulari irabaziko diotela ia ziurtzat hartuz gero, bigarren lekua eskuratzeko arituko dira lehian Euskal Herriko eta Estatu frantseseko taldeak Hondartza kiroldegian.

Hala ere, oso litekeena da neurketa galduta ere, final hamaseirenetako kanporaketarako sailkatzea. Multzoetako aurreneko biez gain, hirugarren postua eskuratzen dutenen artean zortzi onenak ere sailkatuko dira.

Beraz, Hondarribia-Irunek dagoeneko hiru garaipen lortu dituela kontuan hartuta, ziurrenik hirugarren sailkatuta ere, aurrera egiterik izanen du. Dena dela, esan gabe doa bigarren sailkatuta baino aurkari zailagoa egokituko litzaiokeela hirugarren sailkatuz gero.

Joaneko partida

Ez dago berez faborito argiegirik gaur gauerako, baina etxekoek behar lukete nagusi. Cras Tarantori gailendu ondotik, nolabaiteko gorakada izan du Jon Txakartegirenen jokoak. Joan den asteburuan, gainera, aspaldiko partez, Emakumeen Ligako partida irabaztea ere lortu zuen, lau porrot jarraian nozitu ondoren. Bada, Hondarribiarren entrenatzaileak berak esan ohi duen moduan «dinamika on» batean murgiltzeko irrikaz egon behar dute gipuzkoarrek.

Aurkaria ere ez da batere eskasa, baina ez du zertan garaiezina izan. Oso talde «fisikoa» ei da eta beronen jokalari arriskutsuenak Jessica Davenport eta Tiffany Jackson dira. Davenportek 28 puntu eta 15 errebote lortu zituen Hondarribia-Irunen aurka eta Jacksonek, aldiz, 19 puntu eta bederatzi errebote.

Joaneko neurketa eraman egin zuten Challes Les Eauxekoek, baina ez lanik gabe. Hondarribia-Irunek ongi eutsi zion talde frantsesaren irteera sendoari eta partida amaitzear zela, minutu eta erdi baizik falta ez zela, 69-75 aurreratu zen.

Alabaina, amaieran dena okertu zen euskaldunentzat. Frantsek hiruko jaurtiketen bidea aukeratu zuten markagailuari buelta emateko eta zortea alde izan zuten. Hondarribiarrek, berriz, baloi larregi galdu zituzten azken erasoetan, frantsesen defentsa zela-eta. Hala, neurketa 80-76 amaitu zen gipuzkoarren kaltetan.

Partidaren ostean Jon Txakartegik hondarribiarrek «erregulartasun falta» izan zutela aitortu zuen. «Lehenengo zatiko kontraerasoek eta bigarreneko erasoko erreboteak garaitu gaituzte. Aurkarien azken orduko erreakzioak ez zukeen balioko aurretik egindako akats horiek egin izan ez bagenitu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo