GARA > Idatzia > Kultura

Dena prest Illunben GPuntuaren azken sekuentzia filmatzeko

Den-dena prest dago igandean Illunben jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako. Dagoeneko 6.500 sarrera saldu dituzte antolatzaileek eta, eskaera espero baino handiagoa izaten ari dela ikusita, aretoa 8.500 lagun inguru hartzeko egokitu behar izan dute. Baina, batez ere, zortzi bertsolari finalistak dira GPuntua aurkitzeko prest daudenak.

p054_f01_199x112.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

«Duela hiru hilabete justu -gogoratu zuen atzo Felix Irazustabarrena Gipuzkoako Bertso Elkarteko lehendakariak- 79 bertsolarik osatutako argazki bat erakutsi genuen. Argazki horri hogei saiotan barrena bizia eman eta film bat egiten aritu gara. Igandean, Illunben, azken sekuentzia grabatuko dugu, eta horren protagonista nagusiak finalerako txartela eskuratu duten zortzi bertsolariak dira».

Den-denak eskarmentu handikoak dira; ez finaletan, ordea. Izan ere, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Iker Zubeldia eta Aitor Sarriegirentzat igandekoa izango da lehenengoa. Jon Martinentzat, berriz, bigarrena. Jexus Mari Irazu, Aitor Mendiluze eta Jon Maia, azkenik, ederki trebatuta daude horrelako trantzeetan. Lehia, hala ere, inoiz baino irekiago omen dago eta denek dute txapela amets, nahiz eta seguru asko, bakoitzak ongi jakin zein aukera dituen.

Igandekoari begira zein helburu edo zein esperantza duten galdetuta, Jon Martinek erantzun zuen aurreneko finalean baino «argiago» ikusten duela «zer emateko gai» den. «Bertsotan egiteko nire era jendeari erakusteko helburua daukat», esan zuen. Maiak, aldiz, «gozatzera eta jendeari gure onena ematera» atera beharra dagoela nabarmendu zuen. Irazu pozik dago orain arte egindakoarekin eta «patxaran, presiorik gabe», kantatzera joango omen da. Mendiluze «jendearen erantzunaren bila» aterako da. Gaztelumendik, aukeran, bertso gogoangarri batzuk kantatu nahi ditu. Eta horixe bera da Zubeldiaren helburua. Sarriegik gogoratu zuen finalean sartzea zuela helburu eta, hori lortuta, igandean bertsotan egiten ez ahaztea baino ez du espero. Agirrek, azkenik, batere esperantzarik gabe hasi zela aitortu zuen eta, bere burua finalean sartuta ikustean, berriz, Illunbe «handiegi ez geratzea» espero du.

Bi bertsolari buruz buru

Handia izango da, zinez, Illunbekoa. Han, arratsaldeko 5etatik aurrera, 8.000 bertsozale baino gehiago bilduko dira. Izan ere, hasieran aretoa 7.800 lagunentzat egokitu behar zuten, baina, sarrera eskaera oso handia dela ikusita -dagoeneko 6.500 saldu dituzte-, azkenean 8.500 lagun hartzeko moduan egokitu dute.

Oroitz Azurmendi antolatzaileen ordezkariak atzo zehaztu zuenez, bertsolariak zortziko nagusian, zortziko txikian, lehen puntua emanda berriz ere zortziko txikian, hamarreko txikian eta kartzelakoan arituko dira. Ondoren, puntu gehien lortzen duten bi bertsolariek txapela buruz burukoan jokatuko dute. Buruz buruko horren ariketak honakoak izango dira: zortziko txikian zortzi bertso osatu arte puntuka; gaia emanda sei puntuko motzean hiruna bertso eta, bukatzeko, kartzelakoan beste hiruna.

Irabazleak Joxe Mari Altuna bertsozale beteranoaren eskutik jasoko du txapela.

Saioa bukatuta, gaueko 10etatik aurrera, txapelketa amaierako festa izango da Donostiako DOKA kafe antzokian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo