GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHBEk hezkuntza sistema euskalduna lortzeko mugitzera dei egin du

GARA |

Orain gutxi munduko ikasleen gaitasuna neurtzeko PISA azterketa ezagutzera eman da. Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) taldeak azterketa horretan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ikasleek maila baxua erakutsi dutela uste du. Egun indarrean dagoen hezkuntza sistemak, ikasleen gaitasuna garatu beharrean, «errealitatearekiko sumisoa eta akritikoa izatea» bultzatzen duela eta gisa horretan «ikasleen gaitasunari mugak jartzen» zaizkiola salatu du.

EAEko ikasleen %84k aipatutako azterketa gazteleraz egitea aukeratu duela ere nabarmendu du. Euskal eskolaren aldeko taldeak, Lakuako Hezkuntza Sailak euskararekiko darabilen politikari egotzi dio hori horrela izatea. Hurrengo asteetan hirukoak «hezkuntzako hizkuntza politika berria onartzeko xedea» omen duela-eta, azken 25 urteetako «porrota» errepika daitekeela ohartarazi du. Kezka hori izateko arrazoiak proposamenaren zirriborroan orain arteko egoera errepikatzeko aukera ikusten dela eta CCOO nahiz PSOE «indar espainiarzaleak horretarako ahalegin betean» dabiltzala dira.

Azken asteetan bi antolakundeon ahotan ibili den «euskara inposatutako hizkuntza» dela leloa nabarmendu du. EHBEk «gogor» gaitzetsi du «gure hizkuntzaren eta kulturaren berreskurapen prozesua trabatzen» ari direla.

Aukera, euskal eskola

«Euskara eta euskal kultura hezkuntza sistemaren bidez transmititzea oinarrizko eskubidea» dela aldarrikatu du, eta horretarako «Hezkuntza Sistema Nazionala» ezinbestekoa dela ohartarazi. Euskal Herriko hezkuntza sistemaren alde lanean ari da talde hori eta herritarrei ere dei egin die: Baionan autonomiaren alde eta Arrasaten AHTren kontra egingo diren ekitaldietan postalak bilduko dira eta hilaren 18an, elkarretaratzeak egingo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo