Pala | Buruz Buruko Munduko Txapelketa
Bihartik hasita, hamar pilotari lehiatuko dira urte zaharreko txapelaren bila
Faborito garbirik gabe ekingo diote bihar txapelketari. Asfedebi enpresatik
Bilboko Deportivon «onenak» egongo direla aurreratu dute.
Aritz SORZABAL | BILBO
Bihartik hasita eta abenduaren 31a bitartean, hamar pilotari palako buruz buruko Munduko txapelaren bila lehiatuko dira Bilboko Deportivo pilotalekuan. Duela egun gutxi amaitutako binakako txapelketaren irabazleetariko bat bertan izango da: Imanol, alegia. Berarekin batera, beste bederatzi pilotarik hartuko dute parte: Beldarrain, Galan, Gaubeka, Lujan, Velilla, Fusto, Garma, Urkijo eta Ziskar II.
Horiek guztiak txapelketan edozer gauza gerta daitekeela jakinik irtengo dira kantxara, binakakoaren ikasgaia buruan baitute oraindik. Hain zuzen ere, Imanolek eta Urkiak osatutako bikoteak harri eta zur utzi baitzituen zaleak txapelketa horretan eta kiniela guztiak pikutara bidali. Horregatik, zaleek buruz burukoa irabazteko faboritoak aukeratzeko orduan tentu handiagoz ibili beharko dute oraingo honetan.
Dena dela, faboritorik balego, egungo txapeldun Wladimir Lujan litzateke. Kubatarrak Rekalderi irabazi baitzion iazko finalean, sakez hamahiru tanto eginda (35-26). Bi ezkertiar horien arteko lehia, baina, ez da aurten errepikatuko, nafarra ez baita txapelketan izango.
Buruz burukoaren nondik norakoak Bilbon aurkeztu zituen atzo Asfedebi enpresak. Txapelketan parte hartuko duten hamar pilotariak bi taldetan banatu dituzte. Eskailera motako txapelketa izango da, eta pilotari bakoitzaren kokapena talde bakoitzean zozketaren bitartez egingo da, Asfedebiko intendentziak ezarritako rankinga kontuan hartuta. Talde bakoitzeko garaileek finala jokatuko dute Urtezahar egunean.
Pilotari hauek kokatu dituzte «A» taldean: Imanol, Gaubeka, Galan, Beldarrain eta Garma. Eta hauexek «B» taldean: Lujan, Fusto, Urkijo, Ziskar II eta Velilla. Sailkatzeko partidak abenduaren 13, 15, 18, 20 eta 22an jokatuko dira. Finala, lehen aipatu bezala, hilaren 31n izango da.
Parekotasuna
Aurkezpen prentsaurrekoan, Asfedebi enpresako intendente Patxi Ziskarrek adierazi zuen txapelketan «onenak» egongo direla. «Faborito bat esatea zaila da. Gainera, eskalera sistemaz egin dugu zozketa, zuzendu ez dezaten» , esan zuen.
Faborito garbirik ez dagoen arren, pilotari batzuei buruz aritu zen. «Imanolek eta Lujanek, agian, atzean jokatzen dutelako, aukera gehiago izan ditzakete, baina jakina da Fustok eta Gaubekak oso maila ona erakusten dutela buruz burukoan. Guk nahi duguna partida onak ikustea eta txapelketa parekatua izatea da», erantsi zuen.