GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ikasle presoen eguna» egingo da Bilbon hilaren 20an, ikasteko eskubidea aldarrikatzeko

GARA |

«Ikasle Presoen Eguna» aurkeztu zuten atzo Bilbon, ikasleek, irakasleek eta presoen senideek osatutako Presoen Aldeko Taldeak abenduaren 18rako antolatutako aldarrikapen eguna. Egun horretan unibertsitateetan mobilizazioetara deitu dute presoei dagokien ikasteko eskubidea berma dadila exijitzeko.

Egun berean, 12.00etan, Bilboko Plaza Zirkularrean elkarretaratzea eta ekitaldia eginen dira. Presoek pairatzen dituzten «injustiziekin behin betiko amaitzeko», guztien parte hartzea beharrezkoa dela nabarmendu zuten. Atzo gogorarazi zutenez, «2003an PP alderdiak eta bere esku dauden indarrek -komunikabideek, hainbat eragilek eta bestelakoek- aurrera eramandako kanpaina baten ondorioz Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Espetxeen Erakundearen arteko hitzarmena apurtu egin zen». Hainbat eragilek presoen zigorra gogortzeko ikasketak egin ahal izatea bezalako eskubide bat urratzeraino eraman duten dinamika gaitzetsi zuten.

EHU prest, espetxeak ez

Jakinarazi zutenez, geroztik EHU prest egon da presoei ikasteko eskaintza egiteko, eta Lakuako Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak nahiz Hezkuntza Sailak ere onartu egin dute presoen eskubide hori, baina hala eta guztiz ere, ez omen dute espetxeetan ikasketak eskaini ahal izateko beharrezkoa zaien Madrilgo Espetxe Zuzendaritzaren baimenik lortu.

Egun Espainiar Estatuan preso daudenek UNEDen bidez ikastea beste modurik ez dutela salatu zuten atzo, sistema hori motz geratzen dela jakinaraziz: «Euska- razko ikasketarik eskain- tzen ez duenez, bere hizkuntzari uko egin behar dio ikasleak; Frantziako espetxeetako presoak ez ditu onartzen; ez ditu karrera guztiak eskaintzen eta funtzionamendu eskasa du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo