GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Estrasburgora begira jarri behar?

Baieztatu da Estrasburgoko Auzitegiak onartu egin duela Euskal Herriko hainbat eragilek ezarritako helegiteak tramitatzea. Honek ez du aurreratzen sakoneko gaiari buruz epaileek hartuko duten erabakia, baina, espainiar Gobernuak besterik esan arren, ez da garrantzirik gabeko berria. Berez, espainiar estrategiaren kontrako kolpe ederra da, Auzitegiak aztertu eginen baitu espainiar legedia. Madrili komeni zitzaion helegiteak ez onartu eta auzia ixtea, baina ez da halakorik gertatu eta, gainera, Alderdien Legea eta oro har ezker abertzalearen kontrako tresnen erabilpenean urrats berriak iragartzen direnean etorri da erabakia .

Garrantzizkoena falta da, ordea, eta hemendik aurrera izugarrizko presioak jasanen dituzte Estrasburgoko epaileek, begi bistakoa baita Estatuaren kontrako epai batek ondorio gogorrak ekarriko lizkiokeela euskal jendarteari erasotzeko estrategiari. Edozer eginen dute hori gerta ez dadin.

Kezkatuta ala ez, bide beretik jarraitzen dute. Aukera polita zuten oinarrizko eskubideen kontrako neurriak kolokan jartzeko, baina ez dute parada profitatu. Finean, oroitu beharra dago Auzitegi Nazionalaren errepresio bidea ere badagoela. Honenbestez, ongi ikasi dugunez, maila batean lortzen ez dutena bestean erdiesten saiatuko dira.

Espainiar estrategiaren erronka ez dago, ene ustetan, Estrasburgon, nahiz eta hortik etor daitekeena aski erabakigarria bilakatu ahal den. Agertoki nagusia Euskal Herrian dago, eta hemen eginen du porrot gaur egungo errepresio gurutzadak.

Aspaldi galdu nuen nik Europatik etor daitekeen irtenbidearen itxaropena. Espainiar Estatuak aliatu estuak ditu, besteak beste, Europako estatu anitz herrien eskubideen ukapenean oinarritzen baitira. Horiek ez dute euskal mugimendu independentziazalea indartu nahi, eta ongi irudituko zaie espainiar Estatuak egiten duena, etekinak ateratzen baldin baditu, bederen.

Hor ikusten dut espainiar estrategiaren ahulezia nagusia, hain zuzen, eta horregatik diot hemen erabakiko dela auzia. Gatazka gainditu beharrean, luzatu eta areagotzen baldin badu, batek baino gehiagok senti dezake abisu bat helarazteko tentaldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo