Joxe Goikoetxea, Ixiar Iartza eta Erramun Baztarrika EAE-ANVren Lasarte-Oriako udal taldea
Somoto - Lasarte-Oria senidetzea
Senidetzeak hasierako oinarriak galdu zituen. Alkatearen tresna edo jostailu pertsonal bilakatu zen, baita tresna alderdikoi ere
Hasieran ilusioa eta poza sortu zuen Nikaraguako herri honekin sinaturiko senidetzeak. Guztiok uste genuen senidetzea herrien eta herritarren artekoa izango zela, hau da, senidetze herrikoi bat, azken finean. Aukera ederra zabaltzen zuen gerturatze honek Euskal Herriarentzat horren eredugarri izan den Nikaraguaren egunerokoa ezagutzeko.
Hasierako ilusioa eta poza, ordea, etsipen bilakatu ziren laster batean. Triste ikusi genuen nola senidetzeak ez zituen hasierako helburu herritarrak betetzen, hau da, ez zen bi herrien eta herritarren arteko senidetzea. Eta urteek erakutsi dute senidetze honek interes pertsonal batzuei beste- rik ez ziela erantzuten, kasu honetan Lasarte-Oriako alkate Ana Urchuegiaren interes pertsonalei.
Lasarte-Oriako Udalak ez zuen errespetatu Somotoko Udalaren autonomia. Sarritan salatu izan dugu Lasarte-Oriako alkateak Somotoko herriaren egunerokoan zuen eragina eta esku hartzea. Somoto oso baliabide ekonomiko gutxi duen herria da. Kanpotik datorren diru laguntzaren bidez sostengatu du bere ekonomia. Gure alkateak kooperaziorako diru laguntza emateaz gain, diru horren gestioan eta erabakietan pisu handia izan du Somoton azken urteetan. Izandako jarrera honek Somotoko hainbat herritarren, eta kasuren batean Udalaren beraren haserrea ere sortu du.
Orain urte batzuk ASODECOM delako gobernuz kanpoko erakundea sortu zuten Lasarte-Oriako alkateak eta bere laguntzaileek Somoton. Kooperaziora bideratutako diruaren zati bat GKE honek gestionatu zuen geroztik. Beraz, GKE honek sekulako indarra hartu zuen Somoton bertako udalaren kaltetan. Esan daiteke udal paraleloa bilakatu zela ASODECOM. Eta, jakina, gure alkateak zuzenki gestionatu ahal izan du GKE honetatik bideratzen zen dirua.
Honen guztiaren ondorioz, senidetzeak hasierako oinarriak galdu zituen. Alkatearen tresna edo jostailu pertsonal bilakatu zen, baita tresna alderdikoi ere.
Azken urteetan, herritarrok ez gara senidetze honen parte sentitu, ez baitugu ez informazio, ez eta harremanik izan Somotoko herritarrekin. Aldi berean, gure alkateak Somotorekin izandako jarrerak hamaika zalantza eta kezka sortu du herritarron artean.
You Tube interneteko atarian eskegitako gure alkatearen bideoak aho zabalik utzi gaitu. Bideoa ikusi duen edonor jabetu da alkateak darabilen jarrera kolonialistaz eta, zalantza ugari ere sortu da diru publikoaren erabileraren inguruan. Aldi berean, argi ikusten da senidetzea zeharo ustelduta dagoela, bai mamian, baita azalean ere.
Teorian, gure herriko alkatea da herritarron ordezkari gorena eta bideo horretan esandakoek eta formek lotsarazi egin gaituzte eta, aldi berean, lotsagarri utzi gaituzte munduaren aurrean. Horregatik honakoa eskatzen dugu:
1-Senidetzea landuko duen batzorde herritar bat sortu eta senidetzeak zituen hasierako printzipioak berreskuratu. Hau da, bi herrien arteko eta herritarren arteko senidetzea sortu.
2-EAE-ANVko kideak prest gaude eta beharrezko ikusten dugu gai hau beste alderdi politiko zein herriko eragile edo pertsonekin hitz egiteko eta konpartitzeko. Ondoren, gaiaren larritasuna azterturik, beharrezkoak diren pausoak emateko prest gaude.
3-Lasarte-Oriako alkate Ana Urchueguiaren dimisioa eskatzen dugu, bere ardura publiko guztietatik.