GARA > Idatzia > Gutunak

Bakartxo Irazusta eta Zigor Iriondo Zubietako eskola txikiko guraso eta irakasleon izenean

Eutsi Olatz!

Arratsaldeko lau eta erdiak jo dute. Ikastetxearen atearen jiran hamaika neska-mutil koxkor dago. Bata bestearen gainean pilatzen hasi dira. Ikastolatik irteteko segundo batzuk besterik falta ez direnean, ate gardenetik zehar begira jartzen dira haurtxoak, bere aita edo amaren arrastoaren bila. Bost edo sei metrora gurasoak gaude. Gure haurtxoa non egongo ote den begira. Ikusitakoan, eskua altxatu eta agur bat bidaltzen diogu «hemen nago!, etorri naiz!» adierazi nahian. Heldu da ordua. Irakasleak atea ireki eta Sanferminetako zezenen moduan irteten dira haurrak bere ama edo aitaren bila. Haurra badator, eskuan zerbait dakar, marrazki bat. Eta ama edo aita sutsuki besarkatu ondoren, ikastolan egin duen azken marrazkia erakusten dio. Aita eta amaren etxea marraztu omen dute oraingoan, «Ze polita maitia», esaten diogu egindako lana saritu nahian. Haurra pozik da. Bokadiloa hartu eta bere lagunekin batera doa arrapaladan.

Halaxe egiten zuen Olatzek ere orain gutxi arte. Malen ikastolako ate gardenetik begira. Olatz bost edo metrora eskuak mugitzen «hemen naiz!, etorri naiz» adieraziz. San Ferminetako zezenen pare irteten zen Malen Olatzen bila ikastolan egindako azken lana eskuan zuelarik. Olatzek «ze polita maitia» esaten zion eta, bokadiloa hartu ondoren, gure beste seme-alabekin batera joaten zen Malen, pozik, parkean jolastera.

Baina gaur, leihotik begiratu arren, ez du ama ikusi. Ama urrun joan dela esan diote Maleni. Eta denbora batez ez omen du leihotik bere ama ikusiko, ez eta marrazkirik erakutsi ahal izango ere. Malen triste dago. Malenek badaki zergatik dagoen triste. Amaren beharra du. Baina ez daki zergatik ez dagoen ama berarekin. Ez du hori ulertzeko adinik. Geuk ere ez dugu gaur Olatz ikusi. Eta geu ere triste gaude. Baina guk badakigu zergatik ez dagoen Olatz gurekin. Baina geuk ere, Malenen gisara, ez dugu ulertzen nahiz eta adinez dezente zaharragoak izan. Badakigu atxilotuta eraman zutela Madrilera. Olatz ama da, Malenen ama, eta gure laguna eta guraso elkarteko kidea, eta parkeko tertulietako parte, eta baita beste hamaika gauza ere.

Jaso ezazu Zubietako ikastetxeko guraso, irakasle eta haur guztien partez, hemendik ilargirainoko musu erraldoi bat. Eta zu lasai, «hemen naiz, etorri naiz» esan arte, zure ondoan, Malenen ondoan, Xabierren ondoan... egongo gara eta. Animoak Euskal Herriko txoko honetatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo