Ingalaterrako Auzitegi Gorena hiru euskal presoak Madrilen esku uztearen alde agertu da
Iñigo Albisu donostiarrak, Zigor Ruiz iruindarrak eta Ana Lopez bilbotarrak gero eta aukera gehiago dituzte aste batzuren buruan Madrilen esku gelditzeko. Ingalaterrako Auzitegi Gorena alde agertu baita. Azken helegitea aurkezteko aukera du orain espetxeratuen defentsak.
GARA |
Ingalaterrako Auzitegi Gorenak ontzat eman du Iñigo Albisu, Zigor Ruiz eta Ana Lopez euskal preso politikoak Espainiara estraditatzeko euroagindua. Beraz, euskal presoen defentsak aurkezturiko helegitea ezeztatzea ebatzi zuen atzo auzitegiak, argudioak aztertzeari ekin gabe. Orain, euskal herritarren defentsak bi asteko epe estua du Lorden Ganbera, Ingalaterrako gorengo instantzia judizialean, azken erabaki hau apelatzeko.
Bi dira, oro har, Albisu, Ruiz eta Lopez Madrilen esku uztearen aldeko erabakiaren arrazoiak, John Dyson eta Lawrence Collins epaileek atzo azaldu zutenez: defentsaren argudioak onartuz gero, euroaginduaren oinarrian dagoen Europar Batasuneko estatuen arteko «erabateko konfiantza» ezbaian jarriko litzatekeela eta, ondorioz, euroaginduen aplikazioa bera ere ezbaian jarri; eta bigarren arrazoi gisa, Ingalaterrako Auzitegi Gorenak dio, Estatu espainolean torturen gaineko zantzuak ikertu egin behar direla -defentsak defendatu duenez, euroaginduko akusazioak torturen ondorioz eginiko deklarazioetan oinarritzen dira eta orain hirurak Madrilen esku utziz gero, torturak pairatzeko arriskua dute-.
Nahiz eta aste gutxiren buruan Albisu, Ruiz eta Lopez Madrilen esku uztea litekeena izan, oraindik Lorden Ganberan -Estatu espainoleko Auzitegi Konstituzionalaren parekoa da- apelatzeko aukera dauka defentsak.
Bi aste helegitea aurkezteko
Hala ere, aste gutxiren buruan jakingo da bai Lorden Ganberak helegitea onartuko duen, bai beren erabakia ere. Bi aste ditu, orain, hiru euskal presoen defentsak helegitea aurkezteko. Lorden Ganberak errekurtsoa onartzeko, auziaren oinarrian herritar orori gerta dakiokeen arazo bat dela ulertu behar du. Helegitea onartuz gero, egun gutxiren buruan emango luke azken sententzia Justiziako organo gorenak.
Londresen erabakiaren berri izan bezain laster egin zuen bere salaketa Askatasunak. Errepresioaren aurkako antolakundearen arabera, «beste behin ere tortura salaketak ezaugarritutako epaiketa baten aurrean gara, non ezkutatu ezina gertatu zaien Espainiak euskal militanteak torturatzen dituela bere helburu politikoak lortzeko». Euskal Herriaren aurka estatuen «guda estrategian» kokatu zuen, gainera, «estatuen arteko aliantza errepresiboak» bultzatzea; Ingalaterraren kasua ere ikuspegi horretan kokatu zuen. Baina erroan, konpondu gabeko gatazka politiko baten errealitatea agertzen dela adierazi zuen.
Helegitea ontzat emanez gero, euroaginduaren prozedura bera ezbaian jarriko luketeela argudiatu zuten Ingalaterrako Auzitegi Goreneko epaileek defentsaren eskaera ezeztatzeko.
Azken helegitea aurkeztuko du orain defentsak. Errekurtsoa onartuz gero, Lorden Ganberak aste gutxiren buruan erabaki beharko du hiru euskal preso politikoak Madrilen esku uzteko eskaera ontzat eman, edo ez.