GETXO
Haimar Hidalgo algortarra espetxeratu du Ertzaintzak eta beste baten bila darrai
Algortako bere etxean atxilotu zuen atzo Ertzaintzak, 7.30ean, Haimar Hidalgo gaztea. Auzitegi Nazional espainolak ezarritako espetxe zigorra betetzeko atxilotu zuten, eta ondotik espetxera eraman zuten. Afera beragatik, herenegun, Gaizka Gañan atxilotzera joan zen Ertzaintza Santurtzira, baina ez zuten aurkitu. Zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra dute Hidalgok eta Gañanek, Auzitegi Nazional espainolak ezarritakoak. Biek, Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkeztua izan arren, espetxera eramateko aginduarekin aurkeztu zen Ertzaintza gazteon bila. Arratsaldean 300 lagunek manifestazioa egin zuten Algortan Haimar Hidalgori elkartasuna adierazteko helburuarekin.