GARA > Idatzia > Ikusmira

Praileaitzen inguruko jarrera zurruna tokirik gabe

Herri mugimenduak, sindikatu eta alderdi politiko gehienak, zientzialariak, gizartea oro har... eta atzo, Gasteizko Legebiltzarra ere agertu zen Praileaitz I haitzuloaren ingurune naturala babestearen alde. PSEk, Ezker Abertzaleak eta Aralarrek aurkeztutako legez besteko proposamena ia aho batez onartu eta, ondorioz, haitzuloaren inguruko jarduerak geldiarazteko eskatu zion Lakuako Gobernuari. Orain arte zaila gertatzen zen EAJren jarrera zurruna ulertzea, baina aurrerantzean are ulergaitzago izango litzateke gizartearen eta Legebiltzarraren eskaerari muzin egitea. Alderdi hori atzo abstenitu egin zen, baina haren bozeramaileak esan zuen uztaileko dekretua eta Gipuzkoako Diputazioak hartutako neurriak nahikoak direla haitzuloa babesteko. Baina dirudienez, alderdi horrentzat ez da nahikoa mundu osoko 361 adituren iritzia jarrera aldatzeko. Zoritxarrez, ohikoegia da agintarien erabakiak adituen uste eta aholkuei jaramonik egin gabe hartzea, benetako adituak beraiek balira bezala; nolanahi ere, kasu honetan, atzo onartu zuten proposamena loteslea ez bada ere, nekez ulertuko litzateke jarrera itxi horri eustea. Kultura Sailaren txanda da, beraz, eta erantzun ulergarri bakarra herritarren nahia, zientzialarien sostenguarekin indartuta, asebetetzea izango litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo