GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euskadi ta Askatasunaren agiria Euskal Herriari

 

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, azken hilabeteetan buruturiko ekintzok bere gain hartu eta honakoa adierazi nahi dio Euskal Herriari:

Irailaren 9an, Logroñon, Espainiako Defentsa-ordezkaritzaren aurka, lehergailuz beteriko auto baten bidez saiatutako ekintza.

Irailaren 25ean, Espainiako Polizia Autonomikoaren aurka, Zarauzko ertzain etxean lehergailuz buruturiko ekintza, kalte materialak eraginez.

Urriaren 9an, Bilboko Abusu auzoan, Gabriel Gines bizkartzainaren aurka autoan jarritako lehergailuz buruturiko ekintza, zauritua gertatu zelarik.

Azaroaren 11n, Getxon, espainiar legedipeko Justizia Jauretxearen aurka lehergailuz saiatutako ekintza. Haren ondorioz, lehergailua maneiatzen ari zela ertzain bat zauriturik gertatu zen.

Hala nola gure gain hartzen dugu ere pasa den abenduaren 1ean, Landetako Capbreton herrian, enfrentamendu armatuan Raul Centeno eta Fernando Trapero Guardia Zibilaren talde berezietako kideak exekutatu izana.

Espainiako Gobernuak, Euskal Herriari autodeterminazio eskubidea onartu eta herriari hitza ematea helburu zuen negoziaketa prozesua hondoratu ondoren, errepresio basatiaren aldeko apustua egin du. Fronte guztietan, Euskal Herriko Estatua sortzeko lan eta borrokan ari diren euskal militante independentistak atxilo hartu, torturatu eta erailketa saiakerak helburu dituen operazio polizialak abian jarri ditu.

Ondo marrazturiko diseinuari jarraiki, gazte konprometituen aurkako operazio polizialak martxan jarri ditu. Getxon, Nafarroan, Donostian eta Gasteizen gazteak kikildu asmoz Espainiako Auzitegiaren agindupean atxilotu eta kartzelaratu dituzte. Negoziaketa mahaian ordezkari izan direnak edota Mahai Nazionaleko kideak espetxeratzen ere ikusi ditugu, bai eta epaiketa fartsetan kondenaturiko herri mugimenduko kideak atxilotu eta kartzelaratzen ere.

Espainiako Gobernua azken hilabeteetan iragarri duen mehatxua betetzen ari da. Zapaltzailearen harrokeriaz Espainiako Barne ministroak Espainiako hauteskundeen aurretik ehun eta berrogeita hamar herritar atxilotu eta kartzelaratuko zituela mehatxu egin zuen. Betetzen ari da. Hau da Euskal Herrian inposatu zaigun legedi eta justizia espainolaren errealitatea: Barne Ministerioak agindu eta iragarri, eta justiziak bete. Euskal herritarroi salbuespen egoera ezarri digute, euskal independentismoa xehatzeko helburuarekin.

ETAk modu zuzenean ohartarazi zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero buru duen Gobernu espainiarraren ordezkaritzaren eta nazioarteko bitartekarien aurrean, euskal militanteen aurkako Estatu terrorismoaren ekinbideak sumatu zituela eta saiakera hauen aurrean erantzun egingo zuela. Espainiako Guardia Zibila euskal gudarien ehizara jo eta su ikusi dugu eta aspaldian iragarritakoa gertatu da: abenduaren lehenean Capbretonen ETAk erantzun egin du Espainiako indar armatuek euskal militanteen aurka eragiten duten presio etengabearen aurrean.

Gogoan dugu Felipe Gonzalezen agintaldian PSOEko Gobernuak euskal herritar eta militanteak sarraskitzeko guda zikina martxan jarri zuela. Perez Rubalcaba bezalako ministro eta indar armatu espainiarreko goi karguak buru belarri aritu ziren plan zikoitz horren diseinuan. Orduan, zenbait epaile eta goi kargudun frantsesen babes eta konplizitate osoarekin burututako basakeria eta erailketa andana sufritu izan zuen militante askok. Gertuago ditugu denboran Xabier Kalparsoro «Txato», Josu Zabala «Basajaun» edota Jose Luis Geresta «Ttotto» ETAko gudarien bahiketa, tortura eta asasinatzea. Herri honek ez du inoiz ahaztuko!

Capbretonekoaren ondoren, komunikabide espainiar zein frantsesak nahasmen eta gezurrak jaurtitzeko lasterketan murgildu dira. Agintari politikoen agindupean, akusazio faltsuak leporatuz gizartea engainatu beste helbururik ez dutela baitirudi. Informazioa maneiatzen dutela erakutsi dute, baina informazio interesatua besterik ez, Michele Alliot-Marie eta Perez Rubalcaba bezalako gobernu karguen bulegoetan sukaldaturiko informazioa. Euskal Herrian bizi dugun gatazka politiko armatua ahantzi, beren indar errepresiboen ekintzak babestu eta gertaeren testuinguru politikoa desitxuratu nahi izan dute. Itxuraz, guztiak balio baitu ETAren aurka.

Prest al dago Frantziako Gobernua Espainiako indar armatuen jardunbide guztiari babesa eskaintzeko? ETAk dei egiten die Euskal Herriaren ukazioan eta bide errepresiboetan sakontzen duten mekanismoak indargabetzeko.

Ez dira komunikabideak soilik joko honetan sartu direnak, antza euskal alderdi batzuetako buruzagiek ere ahantzi egin dute gure herriak eta herritarrek urte luzez eta etenik gabe pairatu behar izan duten Estatu terrorismoa. Estali egin nahi dute Euskal Herriak bere arlo guztietan jasaten duen zapalkuntza egoera eta euskal herritarren aurka Espainia eta Frantziako botereek eragiten duten errepresioa. Hauek ez dute egun hauetan Baionako ospitalean botatako malkorik bota euskal herritarrak basaki torturatuak izan direnean, ezta ere ezker abertzalearen aurka agertzen duten gorrotorik erakutsi Espainiako Guardia Zibila, epaile faxisten aginduz, dozenaka euskal herritar atxilotzera joan denean.

Azkenik ETAk, edonon izanda ere, Espainiako Estatuaren indar errepresibo eta aparatu ororen aurka ekiten jarraituko duela adierazi nahi du, Euskal Herria zapaltzen jarraitzeko instrumentu diren heinean.

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo eta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian,

2007ko abenduan

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo