«Kaukasiar kreazko borobila», antzerkia euskaraz euskal herritik kanpo, eta arrakasta handiarekin
Kaukasiatik, zehatz-mehatz, Georgiatik etorritako hiru idazlek Durangoko Azokan parte hartu duten une berean, Euskal Herriko antzerkilari batzuk Estatu frantsesean zehar ibili dira -eta egun ere badabiltza- Kaukasiako elezahar bat kontatzen. Izan ere, Chimeres eta Pok taldeak «Kaukasiar kreazko borobila»rekin bira arrakastatsua egiten ari dira.
Jokin MUGERRE
Chimeres eta Pok taldeak Bertolt Brechten «Kaukasiar kreazko borobila» Euskal Herritik kanpo aurkezten ari dira eta, gainera, oinarrizko bertsioan, hots, osoki euskaraz (frantsesez gainizendatua). Bordelen atzo eskaini zuten azken emanaldia ikuskizunean parte hartzen duten hogeita lau aktore, musikari eta teknikariek. Guztira, sei dira aste honetan Akitaniako hiri nagusiko Antzoki Nazionalean egin dituzten emanaldiak. Iragan astean, berriz, bi egin zituzten Narbonnan eta beste bi Tarbesen.
Bertolt Brechten «Kaukasiar kreazko borobila» obra ezaguna Chimeres eta Pok taldeen lankidetza emankorrari esker sortu zen duela bi urte Izpuran eta Baionan. Ondotik, Gasteiz, Eibar, Azpeitia eta Donostian eskaini zuten eta Donostia Hiria saria eskuratu. Iaz, Bordeleko Mira Jaialdian, 4 emanaldi egin zituzten eta izugarrizko ikusmina sortu zuten. Oihartzun horren ondorioz, Bordeleko Antzoki Nazionalak hitzeman zuen aurtengo egitarau ofizialean berriro sartuko zituela obra horren hainbat emanaldi. Hitza atxiki du instituzio horrek, eta hari esker eta Nafarroa Behereko Herri Ezenaren inplikazio eraginkorrari esker, antzezkizun horrek bigarren bizi bat erdietsi du, eta orain egileak bira eder eta zirraratsua obratzen ari dira.
Publikoaren harrera ezin hobea da, emanaldia bukatuta antzezlanaren emaileei txalo egiten geratzen da luzaz, txundituta eta irribartsu. Ikusleen lekukotasunak eta beroan beroko iritziak hunkigarriak eta laudoriotsuak dira. Antzezlanaren indarraz, oholtzan etengabe agertzen den kemenaz, antzezleek publikoarekin daukaten hurbiltasunaz, euskararen edertasunaz, euskal kulturaren ekarpenaz, Brechten gogoeten gaurkotasunaz, emanaldia bukatuta luzaroan izaten dira pertsona anitz hau edo hura komentatzen, Euskal Herritik eraman ardi gasna on bat dastatzen eta ardo beltz goxoa preziatzen. Izan ere, ikusleekin gasna eta ardoa partekatuz bukatzen da beti emanaldia.
Euskarazko antzezlan bat jatorrizko bertsioan Euskal Herritik kanpo eman daitekeela frogatzen ari dela nabarmendu dute esperientzia adierazgarri honetan parte hartzen ari direnek.
Hain zuzen, gaurko teatro profesionalaren ekonomian neurriz kanpokoa den antzezlan proiektu honen eginkortasuna ez zen aurretik lortua, are gutxiago bere emankortasun artistikoa. Chimeresko zuzendari Jean Marie Broucareten aurreikuspen ausarta Euskal Herriko zein atzerriko jendetza zabal baten ezagutza eta onarpena lortzen ari da, publiko gehien zein adituaren aldetik.
Muntaia, oro har, harrigarri eta ohiz kanpokoa da, are harrigarri eta ohiz kanpokoagoa da oholtza gainean oso jatorri desberdineko aktoreak topatzea... frantsesak, espainolak, afrikarrak, kubatarrak euskaldunak... eta den-denak euskaraz. Kontuan izan behar da 17 aktoreetatik 5 baino ez direla jatorriz euskaldunak. Hala ere, denak aritzen dira gogo bihotzez euskaraz istorio bera kontatzen, bakoitzak ekarriz, bere nortasuna eta presentzia. Honek ematen dio proiektu honi bertze dimentsio bat, teatrotik urrunago doana: giza dimentsio bat, norberaren sustraietan oinarrituz, giza abentura unibertsala topatzea lortzen duena.
Urtarrilean Nimesen bi emanaldi egingo dituzte, baina bira ez omen da Estatu frantsesean bukatuko. Alemaniara joateko bidea ere egiten ari dira, eta litekeena da, ikuskizuna Euskal Herritik kanpo lortzen ari den oihartzuna ikusita, Euskal Herrian bertan «Kaukasiar kreazko borobila»k beste bizialdi bat izatea. Izan ere, ez da oraino aurkeztua izan, ez Bizkaian, ez Nafarroa Garaian, ezta Zuberoan ere.
Titulua: «Kaukasiar kreazko borobila».
Egilea: Bertolt Brecht.
Itzultzailea: Itxaro Borda.
Zuzendaria: Jean Marie Broucaret.
Ekoizpena: Théâtre des Chimères eta Pok.